Eguzki bitartez dabiltzan labeak sortu eta garatu dituzte Arrasate institutuko DBHko hirugarren mailako ikasleek, eta Alex Txikon mendizalea institutuan egon da asteon. "2004an ikusi nuen lehen eguzki-labe bat. Tamaina handiko antena paraboliko moduko bat zen, eta pentsatu nuen zer izango ote zen. Hurrengo egunean, ikusi nuen urez betetako pote bat zegoela, eta ura irakiten. Orduan konturatu nintzen eguzkiaren energia hor dagoela, eta ez dugula behar beste aprobetxatzen", azaldu du.
Momentu hauetan, ikasleek egindako bi labe ditu Txikonek, eta probak egiten ari dira horiekin. Izan ere, proiektu bat abiatu guran dabiltza, Txikonek bere espedizioetan labeok erabili ahal izateko, eta, mendizalearen esanetan, "itxura polita" dauka. "Euskal Herrian ari gara proba horiek egiten, kozinatzen, eta abar. Labea 140 gradutan jartzen da, eta ura azkar batean irakiten da. Pakistanen kasuan, ia egunero ikusten dute eguzkia, eta han ez dute erregairik. Egur gutxi, ikatza ere gutxi, eta kerosenoa eta gasa oso garestiak dira. Beraz, hangoei ere asko lagunduko diete labe hauek", azaldu du lemoaztarrak.
Kongora, Ugandara eta Kenyara
Horrez gain, dagoeneko labe hauetako batzuk martxan dituzte hainbat herrialdetan, gobernuz kanpoko erakunde batzuen bitartez. "Helburua Afrikako umeei eramatea zen. Azaldu ziguten ingurumenari laguntzeaz gain, hango herritarrei ere lagunduko lieketela labe hauek. Beraz, konturatu ginen esfortzu txiki batekin mundua apur bat aldatu genezakeela, eta dagoeneko Ugandara, Kongora edota Kenyara bidali ditugu labe batzuk. Argazki eta bideo batzuk bidali dizkigute handik, eta poz handia ematen digu jakiteak balio izan duela esfortzuak", azaldu dute ikasleek.
Proiektua ezagutarazteko hainbat ekintza egin dituzte herrian, eta datorren ikasturtean, jarraipena emango diotela aurreratu dute. Irakasleak ere gustura azaldu dira ikasleek erakutsitako inplikazioarekin.
Orotariko materiala
Eguzki-labe hauek egiteko, hainbat material erabili dute. "Plastiko gogor bat erabili dugu, ez zikintzeko asko, eta zikintzen bada, errazago garbitzeko. Bestalde, mylar papera erabili dugu, ispiluaren antzekoa dena, eta eguzki-orratza egiteko, egurra. Burdinazkoa da lapikoarentzako oinarria, eta hura babesteko bi bol erabili ditugu. Horrez gain, termometro bat ere bai, lapikoaren tenperatura zein den jakiteko", adierazi dute.