'Dragoiek' irabazi dituzte Arrasate Kirol Sariak

Amaia Zabala 2019ko eka. 6a, 18:54

Espainiako Aerobik Txapelketan egindako lanagatik, Arrasateko gimnastek jaso dute ekitaldiko sari nagusia. Kirol ibilbidearen gaineko saria ere talde berera joan da: herrian gimnasia erritmikoa sustatu duen Arantzazu Zubiak irabazi du.

Arrasate Dragoi Gimnasia Taldeko ordezkariendako arratsalde borobila izan da gaurkoa, Udalak antolatutako Kirol Sarien ekitaldian erabateko protagonista izan direlako.

Batetik, kirolari edo kirol talde onenaren atalean, aerobikean jarduten duten neskek irabazi dute, azken urteotan Espainiako Txapelketan lan azpimarragarria egiten dabiltzalako. Eta aurtengoa ez da gutxiagorako izan: duela aste gutxi, Sorian egindako hitzorduan, Uxue Azkuek urrezko domina lortu zuen banakako modalitatean –N2 kategoria–; Izaskun Garciak eta Nahia Irazolak brontzezko domina lortu zuten bikoteko modalitatean –N3 kategorian–; eta Sara Yan Azkaratek, Nora Marcok eta Maider Agirreurretak hiruko modalitateko bosgarren postua lortu zuten –N2 kategorian–. Izan ere, saria ez da nolanahikoa, finalisten artean beste izen hauek zeuden eta: Aitor Fernandez, Levanteko atezaina; Istar Dapena, Jonathan Perez, Malen Ruiz de Azua eta Maialen Axpe, atletak; Irene Murua, saskibaloi jokalaria; eta aurten maila gorenera igo diren Arrasate-Arlutz Xake taldeko ordezkariak.

Kirol ibilbidea, Zubiarendako Ekitaldia, baina, kirol ibilbidearen sariarekin hasi dute, eta hor, Arrasate Dragoi Gimnasia Taldeko entrenatzaile Arantzazu Zubia izan da aukeratua.

Saria jasotzeko beste hautagaiak ziren Arrasateko eskubaloiari ekarpen galanta egin zion Mariano Arrieta –hilondoko titulu berezi moduan–, Besaide Mendi Elkarteko zuzendaritzan urte mordoa egin ostean erretiroa hartu duen Karmelo Bergaretxe, 75 urte betetzen dituen Arrasate Atletiko taldea, Ointxe! saskibaloi taldeko presidente izandako Jon Basurko eta beterano mailan sekulako curriculuma duen Maria Jose Gil atleta.

Aipatu moduan, baina, 1980an Euskadiko gimnasia erritmikoko txapeldun izan zen Arantzazu Zubiarendako izan da saria. Zubia 18 urterekin hasi zen entrenatzaile lanetan, Arrasateko orduko taldean –Gimka Gazela zuen izena–. Sasoi hartan, hamar gimnastarekin hasi zen, eta gaur egun, 140 gimnasta dituzte klubean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak