Jaio da 2deo laborategia; pozik?
Bai, oso; kontzeptua lantzen hasi ginen, orain dela urte eta erdi, hiru laguneko taldea, eta pozik erakutsi genuen jendaurrean egubakoitzean. 500 metro koadro ditu, eta era dinamiko eta eskalagarrian banatzen diren espazio irekiak daude, materiala editatzeko eremuak eta laborategiko langileen lan eremuak. Une honetan, hiru langile daude, Erreztaileak deitzen diegu guk, eta euren lana da proiektuak lantzen ari direnei erraztasunak eta laguntasuna ematea.
Sormenerako tokia izango da; baina hori bakarrik?
Bereziki, sormenerako landuta dago, eta esango nuke xede talde nagusia ikus-entzunezko sektorea dela, baina ez bakarrik; badaude herritarrentzako keinu batzuk ere. Atea zabalik dago eta edonor sar daiteke nahi izanez gero, eta sarreran aurkituko du bideomatoia, eta han, ikus-entzunezkoekin lotutako ideiak grabatu ahal ditu.
Nola funtzionatzen du?
Garai bateko fotomatoi moduko bat da, baina gaur egunera ekarrita, irudia eta ahotsa jasotzen du. Horrek esan gura du nork bere burua pantaila batean ikusiko duela, eta modu errazean grabatuko du partekatu nahi duen ideia hori. Asmoa da orain 2deo sarreran egotea, baina, geroago, Donostiako toki ezberdinetara eramatea bideomatoia, eta bestelako gai batzuen gainean galdetzea, eta baita beste formatu batzuekin probatzea ere.
Ze bide jarraitzen dute gero horiek?
Konfidentzialtasun osoz gordetzen dira jasotakoak, eta hortik ideia baliagarriren bat ateraz gero, deia jasoko luke asmatzaileak, proiektua gauzatu ahal den aztertzen hasteko.
Bideomatoiaz gainera, 2deorako beste sarbide batzuk ere badaude.
Hala da, bai; ikus-entzuleei eman nahi diegun sarbidea da hori, eta beste bat profesionalei begira egiten diren deialdiak dira. Iazkoan 85 proiektu jaso genituen eta horietatik epaimahai batek 23 aukeratu zituen; dagoeneko ari dira 2deon ideia horietako batzuk garatzen.
Behatzaile talde bat ere sortzen ari zarete nazioartean; zertarako?
Hori izango da 2deorako hirugarren sarbidea. Mundu mailako askotariko profesionalekin osatu gura dugun sarea da. Urtean hainbat bider batuta, gure galdera behatzaileei honako hau izango da: "Badago zerbait Euskal Herrirako egiteko modukoa eta guk egin ahal duguna?". Hala balitz, saiatuko ginateke urtean pare bat ideia ekartzen, eta baita horiek garatzeko ingurumaria guztia, ondo mimatu baliabideekin eta behar denarekin, eta euskarazko ekoizpen berriak sortuko genituzke. Gure asmoa proiektu bakoitzean askotariko profiletako eta sektoreetako lagunekin taldea sortzea da; izan ere, hortik aterako dira ideia freskoagoak eta posibleagoak. Saiakerak izango dira beti, ez dira produktu amaituak; 2deo ez da produkzio zentro bat, baizik eta esperimentatzeko laborategia; hortaz, gure helburua prototipoetara heltzea da. Merkatua badago eta 2deok ez du konpetentziarik egin gura aspektu horretan.
Ideia batzuek aurrera egingo dute eta beste batzuek ez, ezta?
Hori da, batzuk bidean geldituko dira eta beste batzuk arrakasta bidean jarriko ditugu; eta hori estrategikoa da guretzat, audientzietan eta kontsumoan eragitea da helburua.
Eraikina ere elkarlanerako diseinatuta dagoela diozue.
Igurtzia da, bai, beste helburuetako bat; izan ere, sektore profesionalekin egin ditugun elkarrizketetan ikusi genuen oso atomizatuta dagoela sektore hori, eta eraikin horrek guztiak nahastea bultzatzen du. Era berean, nahastu, ez bakarrik profesionalen artean, ikasleekin ere bai, hortxe dago Elias Kerexeta Zine Eskola, adibidez, edo zergatik ez zientzia alorrekoekin.
Orain abian duzuen proiekturik?
Hor dago, esaterako, Gaztezulo eta X taldea elkarlanean egiten ari diren gazteen ikus-entzunezko kontsumorako bideratutako aplikazioa. Laster izango da prototipoa prest eta X taldeak egindako websail bat izango du.