Fiskaltzak Udalari erantzun dio lapurreta delituei buruzko informazioa eskatuko duela

Xabi Gorostidi 2019ko eka. 3a, 14:54

Lapurreten afera dela eta, Ubarretxenak alkateak hauei buruzko txosten bat bidali zion Gipuzkoako Fiskaltzari, eta honek erantzun dio esanez auzi aurreko prozedura bat irekiko duela. Prozedura horren barruan Gipuzkoako Fiskal Buruak erabaki du Arrasate Taldea –izendapen horri jarri die ustezko lapurrei– deiturikoari buruzko informazioa eskatzea polizia judizialari. 

Udalak jaso du fiskaltzaren erantzuna, eta Maria Ubarretxena jarduneko alkateak "oso positiboki" baloratu du. "Orain arte gure esku dagoen guztia egin dugu: epailearekin hitz egin dugu, lapurren familiekin eta abokatuekin ere egon gara... gure abokatuek fiskaltzaren atea jotzea gomendatu ziguten, eta honek eman digun erantzuna oso positiboa izan da".

"Esan genuen kokoteraino geundela lapurrak behin eta berriz aske geratzearekin, eta fiskaltzaren erantzunak esperantza ematen digu lapurrak berriz ere aske geratu ez daitezen. Azken erabakia epaileek dute, eta ez dauka zertan kartzela zigorra izan behar; terapia bat, edo desintoxikazio zentro baten sartzea ere erabaki dezake epaileak". 

Jasotako erantzunean, Gipuzkoako Fiskal Buruak dio auziaurreko prozedura ireki duela, Ministerio Fiskalaren Estatuto Organikoaren 5.3 artikuluaren azken lerroak ahalbideratzen dion eskumena erabiliz. Prozedura horren barruan, Fiskalak hiru eginbide agindu ditu:

  • Arrasateko Udalak Segurtasun Sailburu Beltran de Herediari igorritako hiru txostenak gaztelerara itzultzea. 
  • Polizia judizialari eskaera egitea, Grupo Arrasate –izendapen hori erabiltzen du Arrasateko ustezko lapurrentzat– horren inguruan bidalitako delitu leporatze eta atxiloketen inguruan informazio eman dezan: alde batetik, goardiako epaitegian zein datatan aurkeztu zituzten atestatuak, prozedura zenbakia eta tramitazioaz arduratzen den Epaitegia. Eta beste alde batetik atestatu bakoitzean ikertutako, auziperatutako, salatutako edo atxilotutako pertsonen identifikazioa.

  • Ebazpenaren berri ematea Arrasateko Udalari.

Lapurrak aske geratzeko argudioak

Alkateak askotan salatu du lapurrak "behin eta berriz" aske geratzen direla, "nahiz eta hainbat aktuazio bizkar gainean izan". Hori ahalbidetzen duten argudio legalei buruz galdetuta, zera adierazi du Amaia Frontaura udaltzainburu ordeak: "Lapurretan egiteagatik hiru hilabetetik hiru urte bitarteko kartzela zigorrak jaso daitezke. Baina Arrasateko lapurrak, epaituak izan direnean, bi urtetik beherako zigorrak jaso dituzte, eta horregatik geratzen dira aske".

Epaia ematen denean aurrekari penalak izango balituzkete, kartzelara bidaliko lituzkete nahiz eta kartzela zigorra bi urtetik beherakoa izan. Baina hainbat atxiloketa gainean izate hutsak ez ditu aurrekari penalik sortzen. Aurrekariak izateko sententzia irmo bat jaso behar da, eta alkateak esandakoaren arabera, lapurreta egin eta "hiru-lau urte pasa daitezke" delitugileen kontrako epai irmo bat heldu arte.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak