Eguraldi txarraren mehatxupean, Kulturaten egin du kanpainako ekitaldi zentrala Arrasateko EH Bilduk, eta aretoa txiki geratu da; eserlekuak beteta, eta jendea lurrean jezarrita.
Arnaldo Otegi izan da hitza hartzen lehena, hitzartzea amaitu eta segidan Otxarkoagara joan baita beste ekitaldi batera. Duela 60 urte Euskal Herrian "iraultza sortzaile" bat egon zela adierazi du, ikastolak, kooperatibak, euskararen aldeko mugimenduak edo langile borroka adibidetzat jarriz, eta horri honakoa gehitu dio. "Orain bigarren iraultza sortzaile bat behar dugu: ekonomian, euskaran, sindikalgintzan, ... iraultza horretarako ezinbesteko pieza da EH Bildu, eta baita Arrasate. Aitzindari izan zineten lehen iraultza horretan, eta Arrasate berreskuratu behar dugu, bigarren iraultza honetan ere aitzindari izateko".
EAJrentzako hitzak ere izan ditu. "EAJk ezker abertzalearen aurkako kanpaina du martxan. Kanpaina zikina, irainez josia, eta PSE-EEko eta PPko boto kontserbadoreak lortzeko asmoa duena. Zilegi da hori egitea, elektoralki gizentzea, alegia; baina ezin dezakezue hori egin, eta aldi berean esan, Euskal Herriarentzako proiektu abertzale bat duzuela".
Maiatzaren 26ra begira, honakoa gehitu du: "Menuak bi plater ditu: EAJren plater kontserbadore eta liberala eta EH Bilduren plater ezkertiarra, modernoa eta justua. Gainontzekoak hornigaiak dira".
Ostean, Ekiñe Casado igo da oholtzara, eta Olaia Inziarteren Zuei abestia interpretatu du gitarra akustikoaren laguntzarekin. Baita ondo egin ere, Arnaldo Otegik jaso duen txalo zaparrada bera, edo handiagoa, jaso baitu trukean.
Jarraian, Juan Karlos Izagirrek hartu du hitza, umoretik: "Zerbait abestea neukan pentsatuta, baina Ekiñe ikusita, atzera botako naiz". EH Bilduko zerrendetan izena eman duten militanteei eskerrak eman ostean, zera esan du: "Gipuzkoarren gehiengoarekin konektatzeko programa daukagu, eta EH Bildu erabakien erdigunean egotea lortu behar dugu. Bulegoko politikaren aroa amaitu behar da; alkate onena herria delako, eta diputatu onena herria ere. Kaleetan beti egongo gara, baina garrantzitsua da gobernuetan eta udaletxetan egotea ere".
Gipuzkoako lurralde oreka ere aipatu du, eta zentzu horretan, eskualde bakoitzari 40 milioi euroko diru-poltsa eman nahi dietela azaldu du, euren politika propioak egin ditzaten. Hurrengo domekarako botoa eskatu die "injustiziaren biktima direnei" eta baztertuta sentitzen direnei, langile prekarioei, pentsiodunei, senideren bat dependentzia egoeran dutenei edo LGTBI kolektiboko kideei keinu eginez.
Maider Morras, alkategaia
Izagirreri Morrasek hartu dio lekukoa, eta jendartean igarri duen aldaketa hau aipatu du lehen hitzetan: "EH Bilduren zerrenda osatzen hasi ginenean ezkortasun zantzuak ikusten nituen: zaila izango da... eta antzerako espresioak. Baina guzti hori ilusioz busti dugu, eta orain olatu positibo bihurtzea lortu dugu. Izugarria izaten ari da, benetan". Aldaketa horren meritua, "lanerako beti prest" dagoen lantaldeari aitortu dio.
Kanpainan zehar jasotzen ari diren "trabak" ere aipatu ditu –"panel elektoraletatik kartelak kentzea", "ezker abertzaleak historikoki egindakoa kritikatzen dabiltzanak" edo "diskurtsoak hitzez hitz kopiatzen ari direnak" aipatu ditu– eta mezu hau bota du: "Ez daukagu astirik zuei begira egiteko, eta hala bazabiltzate zerbait ondo egin dugunaren seinale da".
M26ra begira azken mezu hau helarazi die Morrasek Kulturaten batutako entzuleei:
"Guk ez ditugu hauteskundeak komunikabideetan irabazten, jendeari begietara begiratzen baizik. Programa onena daukagu, lantalde onena ere bai. Astetxo bat besterik ez da falta, eta garaipena eskuan daukagu. Gora Arrasate eta gora Arrasateko EH Bildu!".