"Arrasateko kulturgintza eta herrigintza ez dago baztertzen eta zigortzen gaituen Udal Gobernu honekin"

Xabi Gorostidi 2019ko mai. 17a, 21:12

Herrigintza eta kultura alorreko 31 eragilek bat egin dute gaur, azken lau urteetan agintean egon diren bi alderdiengandik "kaltetuak, isunekin zigortuak, isilaraziak eta mespretxatuak" sentitu direla salatzeko. "Lanean jarraituko dugu gure herria postal bat bihurtu ez dadin; auzolan, boluntariotza nahiz militantziatik, Arrasate bizi, parte hartzaile, kritiko, alai eta aktiboa eraikitzen jarraituko dugu".

Hauek izan dira gaurko ekitaldia babestu duten eragileak: Askapena, Euskal Herrian Euskaraz, Ikasle Abertzalekak, Jaiki, AGAKO, Bulkada Berriak, Uluak, Ttak!, Mirentxin, Pottogorriak, Txosna Batzordea, Mirentxin Gidariak, Beste Bat! St. Pauli, Ttakun, Albokariak, Santamas eta Maritxu Komisiñuak, Las Klitoris, Perlata, The Potes, Libertad Condicional, Never Surrender, Antikapitalistak, Guraso eta Haur Asanblada, Sare, Emakumeen Mundu Martxa, A + Gas, Stop Desahucios, SAD, Kooltur, Musakolako Jai Batzordea, Zarugaldeko Jai Batzordea, Intxorta 1937 eta Arrasateko Etxerat. 

18:30ean egin dute hitzordua Herriko Plazan, baina eguraldi eskasaren eraginez, Biterira joan dira kalejiran bertan prentsa agerraldia egiteko. Hitza hartu dutenak AGAKOko Ainhoa Arana eta Beste Bat St. Pauliko Iraia Urrutia izan dira, eta eurekin batera egon dira Stop! Deshaucios plataformako Salva Gonzalez eta Euskal Herrian Euskaraz taldeko Josu Juaristi.

Gaurko agerraldi bateratua egiteko arrazoiei buruz honakoa adierazi dute: "azken lau urteetan, EAJ-PSE-EE Udal Gobernuak herri mugimenduarekiko izan duen jarreraz gure artean hitz egin ostean eta hausnartu ostean, ikusi dugu asko izan garela kaltetuak, isunekin zigortuak, isilaraziak eta mespretxatuak, sarritan Maria Ubarretxena eta Oscar Garciak sortutako Garbitasun Ordenantza edo Mozal Ordenantza berriaren aitzakiapean, baina beste batzuetan euren jokaera harroagatik, hurbiltasun ezagatik, edo kasurik onenean, indiferentziagatik".

Garbiketa ordenantzak euren gaitasun komunikatiboa "murriztu" duela ere azaldu dute: "talde politikoek, sindikatuek, aisialdi taldeek, antolakunde feministek, musika taldeek, kultur eragileek, euskararen aldeko mugimenduek... azken batean, herriko kaleak euren ekimenak eta mezuak zabaltzeko behar dituzten eragile ugarik ikusi dute sistematikoki kentzen eta mugatzen direla euren kartelak, pankartak, mezuak... –batzuetan adierazpen libreko guneetatik ere bai– eta horrela nabarmen murrizten dela herriko eragileen gaitasun komunikatiboa".

Kartelak kentzearekin lotuta "sinbolikotzat" jo dute "Monterron erabiltzea debekatu izana", eta "zinismo erakustaldi" espresioarekin definitu dute martxoaren 8ko pankarta eta kartelak kendu izana, Udalak grebarekin bat egin eta gero.

Horrez gain, "garbitasunaren aitzakiapean" pintaketak modu selektiboan kendu direla ere salatu dute, eta horren erakusle herrian ezabatu gabe dauden pintaketa batzuen argazkiak erakutsi dituzte agerraldian parte hartu dutenek: "badakigu, herri ekimena ahultzeko ahalegin horretan, garbitasuna aitzakia hutsa dela, izan ere, hormak edozein motatako grafitiz eta marrazki zentzugabez beteta daude eta auzoetako garbitasuna ez da batere zaintzen. Horren froga dira hemen bildu ditugun dozenaka argazkiak"

Partaide batzuk, herrian ezabatu ez diren pintaketen argazkiekin.

Amaieran esan dute, hauteskunde aurreko une hau aproposa dela ondorengoa "ozen esateko": Arrasateko kulturgintza eta herrigintza ez dago baztertzen eta zigortzen gaituen udal gobernu honekin. Baina guk lanean jarraituko dugu, kemenez eta pozez beteta, ez dugulako utziko gure herria postal bat bihurtu dadin, ezta kaleak eta plazak hutsik eta isilik geratu daitezen. Auzolan, boluntariotza nahiz militantziatik, Arrasate bizi, parte hartzaile, kritiko, alai eta aktiboa eraikitzen jarraituko dugu".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak