Margo tailerreko ikasleen lanak, Kulturaten ikusgai

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko mai. 16a, 15:52

Amaia Bengoaren ikasleek Quattrocentotik erakusketa inauguratuko dute bihar, egubakoitza, 19:00etan, Kulturateko klaustroan; ekainaren 14ra arte izango da ikusgai 57 margolan batzen dituen sorta –tamaina eta estilo askotarikoak–. Arrasate Irratiko Igo Autobusera! saiora gonbidatu dute Amaia Bengoa margo irakaslea.

Ikasturtean egin dituzten lanak erakusteko ohitura dute Kulturateko margo tailerretakoek, eta hala egingo dute bihartik ekainaren 14ra bitartean klaustroan izango duten erakusketan. "Kalean egin izan dugu, gehienetan, baina, oraingoan, klaustroan egin gura izan dugu, ikasle bakoitzak egindako koadroez gain, talde-lanean egin ditugun tamaina handiko margolanak ere erakusteko asmoarekin", azaldu du Amaia Bengoa irakasleak.

Orain dela hamar urte egin zuten azkenekoz klaustroan, eta, horregatik, ilusio handiarekin daude bilduma berria erakusteko; astelehenetik zapatura 17:30etik 20:30ak bitartean izango dute bilduma ikusgai.

180 ikasle, aurten

Eskarmentua du Bengoak margo irakasle moduan. "20 urte baino gehiago dira hasi nintzela; aurten, 180 ikasle ditut –100 haur eta 80 heldu–; gehienek urtero jarraitzen dute tailerrean. Harrobi ona dago, nire ustez".

Adinaren edo taldearen arabera ikasgaiak moldatu egiten dituela gaineratu du irakasleak: "Teknika eta materialak ezagutzeko eta ikasteko, paperaren gainean margoekin marrazten hasten dira txikiak, eta akrilikoetara salto egiten dute gero. Helduekin, berriz, marrazten ikasi eta koloreak nahasten ikasi ostean, olioarekin probatzen hasten dira. Bakoitzak erabakitzen du zein estilotakoak margotu, eta eurei bideratzen edo laguntzen saiatzen naiz ni. Oso giro ona dugu gure artean, eta oso ondo pasatzen dugu".

Margo ezagunen kopia bitxiak

2012an proposatu zien lehenekoz Bengoak ikasle helduei elkarrekin margolan bat egitea, eta Picassoren Gernika koloretsua sortu zutela kontatu du: "Nahiko azkar egin genuen, abenduan hasi ginen lantzen eta ekainean amaitu genuen".

Esperientzia polita izan zenez, hurrengo urtean, inpresionismotik abstrakziora bitartean egon ziren mugimenduak batzen dituen Lehenengo abanguardia izeneko lana egitea proposatu zien irakasleak: "Lan handiagoa eman zigun horrek, eta bi ikasturte behar izan genituen bukatzeko. Formatu txikian margolan osoa egin nuen lehenengo nik, laukitan banatu nuen gero, eta ekimenean parte hartu gura zuten ikasleei margolanaren zati bat, hau da, lauki horietako bat eman nien. Ikasle bakoitzak mihise batean margotu zuen zegokion zatia, eta ondoren, zatiak elkarrekin lotuta, margolan erraldoia osatu genuen. Zabaleran bost metro pasa ditu eta ia metro eta erdiko altuera".

Aurten izarra, 'Quattrocentotik'

Pizkunde garaiko obra ezaguna hartu dute oinarri tamaina handiko hirugarren margolana egiteko, eta hori izango da bihar zabalduko duten erakusketako izar nagusienetakoa: "Beste hainbat autore ezagunen margolanen zatiak ere sartu ditugu eta fusio moduko bat sortu dugu Pizkundeko pieza horren baitan. Lan handia eta zaila izan da, ondo landu beharra zegoen-eta Pizkundeko irudi garbi hori; gauza berriak probatzeko baliatu dugu lana, eta antzinako teknikak erabili ditugu aurpegien irudiak margotzeko. Triptiko baten itxura du lanak; hau da, hiru mihise handi dira bata besteari lotuta; ez da igartzen, baina, pieza ezberdinekin sortuta dagoela".

Aipatutakoez gainera, Andy Warhol margolari ezagunaren teknika eta estiloa imitatuz, 41 autoreren irudiak batu dituzte eta hala osatu dute laugarren margolan erraldoia: "Dos caballos auto zaharraren marrazkiak banatu nizkien ikasleei, eta bakoitzak gura zuen moduan eta estiloan margotu zuen, eta horiekin guztiekin, koadroak bata bestearen ondoan jarrita, instalazio bat sortu dugu aretoko horma batean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak