Ekonomia arloko proiektuen aurkezpena egin du Arrasateko EH Bilduk, gaur eguerdian. Igor Uribesalgo eta Joseba Ezpeleta zerrendako kideekin batera egin du agerraldia Maider Morras alkategaiak, Portaloian.
"Arrasatek potentzialtasun handia dauka ekonomia arloan", adierazi du Morrasek. "Jakintza akademikoa, esperientzia luzeko ehun industriala zein zerbitzu sektore zabala... Eta posible ikusten dugu, Udalaren bultzadarekin, garai bateko gaitasun ekonomikoa berreskuratzea".
Arlo horretan Udalaren konpetentziak mugatuak izanda ere uste du politikarien ardurakoa dela askotariko eragile ekonomikoen arteko sinergiak bultzatzea eta erraztasunak jartzea: "Denon artean enplegua sortu, mantendu eta berriro herriaren garapenean inbertitzeko".
EH Bilduk proposamen egingarriak dituela ziurtatu du Morrasek. Azaldu du Arrasateko Etorkizunaren Giltza Zarelako bezalako foroak sustatuko dituztela, enpresen arteko ezagutza eta elkarlana bilatze aldera. "Bertan aktiboki hartuko dugu parte", esan du.
Horrekin batera komertzioari eta ostalaritzari lehentasun osoa emango diotela jakinarazi du. "Arrasate Debagoieneko bihotz komertziala izan dadin komertzio eta ostalaritza bizi batek ekonomian ez ezik hamaika arlotan egingo dio onura herriari. Kaleen segurtasunari, kulturaren kontsumoari, kaleetako giroari, turismoari…".
Merkataritzako eta ostalaritzako ordezkariekin harremanetan daudela adierazi du Morrasek. "Hainbat bilera egin ditugu, eta eurekin eskuz esku ariko gara lanean gero ere".
Merkatarien eta ostalarien mahaia
EH Bildutik ezinbestekotzat jotzen dute honezkero eginda dagoen hiri-ekonomikoaren plan estrategikoa zein alde zaharreko PERIa berrikustea eta inplementatzea. "Tiradera betean gordeta dagoen hiri-ekonomikoaren plan estrategikoari hautsa kendu, eguneratu eta inplementatu egingo dugu sektoreko eragileen ekarpenak integratu ondoren. Plan horri lotuta, herritarrak herrian kontsumitzearen garrantziaz jabetu eta horretara animatzeko programak garatuko ditugu. Horretarako, merkatarien eta ostalarien mahaia eratuko dugu".
Horrekin batera uste dute beharrezkoa dela baldintza urbanistikoak malgutzea, onura fiskalak ematea, edo negozio berriak zabaltzeko zein erreformak egiteko erraztasunak ematea.
Lehen sektorea eta turismoa
Lehen sektorearekin lotuta diagnosi bat egingo dutela adierazi dute garapenerako dituen aukerak ezagutzeko eta bultzatzeko. Ezinbestekotzat jotzen dute, halaber, azoka zaharberritzea.
Turismoa erakartzeko, berriz, plana eguneratzea proposatzen dute. "Ostalaritzako eragileekin batera arlo horretan ditugun gabeziei erantzuteko, eta Udaleko beste sail batzuekin era transbertsalean lan eginez –Kultura eta Kirolak nagusiki– kanpotarrak erakartzeko daukagun eskaintza aberasteko. Lezetxikiri buruzko interpretazio zentroaren eta museo industriala egiteko egitasmo zaharraren bideragarritasuna ere aztertuko dugu".
Enplegu mahaia
"Enplegu mahai bat sortuko dugu enpresen, merkatarien eta langabetuen artean zubi lana egiteko zein sinergiak sortzeko", esan du Morrasek. "Herritarrak lan munduan sartzeko programak garatuko ditugu beste erakunde publikoekin zein pribatuekin lankidetzan, eta zailtasunak dituzten kolektiboak lehenetsiz: denbora luzeko langabetuak, gazteak, emakumeak, bazterkeria arriskuan daudenak, gaitasun fisiko zein psikiko mugatua duten pertsonak..."
Ekintzailetza lagundu behar dela ere adierazi du Morrasek, ekonomikoki zein fiskalki "arau urbanistikoak malgutuz eta udal azpiegiturak utziz".