On Kixoteren istorioa kontatu zuen Zornotzako antzerki konpainiak aurreko lan batean, eta, beste literatura klasiko bat aukeratu dute orain, Shakespeareren Romeo eta Julieta. "Oraindik ere gaurkotasuna du kontatzen denak; izan ere, erlijio, sexu edo maila soziala dela-eta egungo gizartean ere aurreiritziak ditugu eta bikote batzuk kolokan jartzen ditugu. Narratzaile baten ahotik beharrean, Julietaren ikuspegitik kontatu dugu", azaldu du Markeliñe antzerki taldeko kide Jon Kepa Zumaldek.
Zirkua, kontatzeko tresna
Testu hutsa den obra klasikoa hitz bako antzezlan bihurtu dutela gaineratu du hark: "Gure lan guztietan moduan, ez dago hitzik; aspalditik genuen zirkura hurbiltzeko gogoa, eta, oraingoan, zirku ariketak baliatu ditugu pertsonaien bizipenak eta sentimenduak adierazteko tresna moduan. Bata bestearen gainean jarrita oreka ariketak egiten, aro edo bestelako tresnetatik zintzilik, eta trapezioa- ren edo kablearen gainean igota ikusiko ditugu. Akrobaziek, baina, zergatia edo esanahi bat izango dute".
Jim Pichen musikari britainiarrak konposatutako musika ere ezinbesteko tresna dela dio Markeliñekoak: "Testu bako antzezpenetan garrantzi handia hartzen dute beste baliabideek. Entzuteko musika baino gehiago, giro musikala dela esango nuke; istorioa kontatzeko beste balia- bide bat da, eta, une batzuetan, ahotsak ere sartzen ditugu. Argiztapena ere oso zainduta dago".
Bi kapela, protagonista
Hain zuzen ere, Itziar Fragua, Javier Garcia Mimo, Maitane Azpiroz, Bego Peñaranda eta Garazi Pascual dira taularen gainean daudenak, nahiz eta protagonistak bi kapela diren: "Kapela bat Romeo da eta bestea, berriz, Julieta; eta kapela buruan jartzen duen aktorea bihurtzen da pertsonaia bat edo beste. Hala, buru batetik bestera bidaiatzen dute kapelek eta ikusleak une oro jakingo du zein den pertsonaia kapelen bitartez, kapela ez duten aktoreek beste pertsona batzuk antzeztuko dituzte: apaiza, senitartekoak...".