Arrasatearren behar eta eskaera historikoei erantzuna eman diegu, eta hainbat proiektu desblokeatu ditugu", dio Maria Ubarretxena alkateak. "Herri atseginago bat" egiteko, lau urteotan 21 milioi euro inbertitu dituztela eta Udala "zero zor egoeran" utzi izana nabarmendu dute jeltzaleek.
Eguazten arratsaldean egindako prentsa agerraldian, alkateak adierazi du "gakoa" lana izan dela, duela lau urteko programan aurkeztutakoak betetzeko.
"Estatuko hirugarren herria gara gizarte zerbitzuetako inbertsioetan"
Arloz arlo egindako balorazioan, azpimarratu dute, besteak beste, gizarte zerbitzuetan egindako lana: "Estatuko hirugarren herria gara gizarte zerbitzuetako inbertsioetan. Pertsona nagusien etxeak ikuskatu eta suteen aurkako gailuak instalatu eta elkarrizketa pertsonalizatuak egin dira. Gipuzkoako Zerbitzuen Mapa osatzeko lana egin da, eta herriko harrera protokoloa agintaldi honetan ezarri da. Arrasateko giza diagnosia ere egin da eta elikagaien bankua martxan jartzea ahalbideratu da", adierazi du gizarte zerbitzuetako zinegotzi Amaia Azpiazuk.
Mugikortasun plana
Hirigintza arloan, bestalde, mugikortasun plana aho batez onartu izana goretsi du alkateak. "2007tik egin gabe zegoen mugikortasun plana jarri dugu martxan". Mugikortasunaren alorrean, oinezkoei lehentasuna emateko, espaloi gainean aparkatzen zuten autoen dinamika aldatzea, hainbat espaloiren konponketa eta zabaltzea eta oinezkoentzat espazioak berreskuratzea bereizi dute jeltzaleek.
Umeendako jolas parkeak
Agintaldi honetako "beste ekimen garrantzitsu bat" izan da jeltzaleentzat haur parkeak eraldatzearena: "Zortzi jolas parke berritu [Munar, Zaldibar, Biteri, Kurtze txiki, Itxaropena, Makatzena, Zigarrola, Gorostiza] eta horietako 3 estali egin dira [Itxaropena, Makatzena eta Gorostiza]. Zortzi parke horietatik sei auzoetakoak izan dira. Haur txikientzat Txikitxokoa zabaldu da eta haurren parte-hartzea ahalbidetzeko haurren kontseilua martxan jarri da".
Kirol plana eta azpiegiturak
Kirolari dagokionez, azpiegiturak hobetzea eta Kirolaren plan estrategikoa egitea izan dira agintaldiko "eginkizun aipagarriena", jeltzaleen aburuz. "Gimnasio berria jarri dugu Uarkape pilotalekuan erabili gabe eta hutsik zegoen azpiegitura bat baliatuta; berrikuntzak egin ditugu Musakola kiroldegian, teniseko itxitura berrituz, esaterako; Iturripeko kantxako lurra berritu dugu; Mojategiko belar artifiziala aldatu dugu; eta etorkizuneko kiroldegi berri baterako aurreproiektua prest utzi dugu. Gainera, kirola balioan jartzeko kirol sariak ekimena eta Kirola Kalera eguna antolatu ditugu agintaldi honetan”, adierazi du kirol zinegotzi Ander Garaik.
EAJk nabarmendu dituen inbertsioak
Azken lau urteotan egin dituzten inbertsioen artean honako hauek nabarmendu ditu Arrasateko EAJk:
- Juan Arzamendi Musika Etxea: 5.161.894 euro.
- Kulturola: 4.438.676 euro.
- Zortzi haur parkeren eraldaketa: 1.128.000 euro.
- Makatzenako igogailua: 1.000.000 euro
- Kirol arloko inbertsioak: 900.000 euro
- Asfaltatze lanak: 593.200 euro
- Ingurumen arloko inbertsioak: 400.000 euro (Etxezarreta eremuaren erosketa, 275.000 euro + Udala-Besaide-bidea, 36.000 euro + Garbitokia, 14.000 euro + Anporreta, 15.000 euro + Antoñako hezegunea, 60.000 euro)
- Hezkuntza arloko inbertsioak: 377.000 euro
- Ondarea berreskuratzeko lanak: 307.126 euro (Garagartzako teilaturako 62.076 euro, Toki Argi elkarteko teilaturako 76.772,85 euro, Ingurumen eskolarako 55.844 euro, Jose Luis Iñarrako espaloia kentzeko 55.000 euro, Udala plazako eraikina kentzeko 57.433 euro).