Eneka Alvarez, Arkaitz Zarraga eta Lander Arbelaitz hizkuntza eskubideez mintzatu dira Kulturaten

Amaia Zabala 2019ko api. 5a, 12:58

Arrasate Euskaldun Dezagun eta Argia hedabideak antolatuta ‘‘Hizkuntza eskubideak norenak?’ mahai-ingurua egin zuten atzo Arrasateko Kulturaten. Eneka Alvarez eta Arkaitz Zarraga aritu ziren hizlari eta Lander Arbelaitz Argiako kazetariak aurkeztu eta moderatu zuen ekitaldia.

Eneka Alvarez eta Arkaitz Zarraga Euskara irakasleak eta euskaltzaleak dira biak, eta biek jaso dituzte isunak funtzionario publikoei euskaraz egiteko eskatzeagatik, Alvarezen kasuan ertzain bati eta Zarragaren kasuan udaltzain bati.

Arkaitz Zarragak euskara erabiltzea bigarren mailako eskubidetzat hartzen dela salatu zuen eta eskubide hauek bermatzeko Udal ordenantzen beharra azpimarratu zuen besteak beste: "Espazio publikoaren erabilera arautzeko ere badaude ordenantzak eta horrek nolabaiteko eskubide batzuk bermatuko direnaren bermea ematen du. Hizkuntza eskubideen kasuan ez da hori gertatzen, ez da kontsideratzen urraketa argi bat dagoela, euskaldunok beste hizkuntza bat ere badaukagulako eta gure behar izan oinarrizkoenak babestuta daudela kontsideratzen delako. Zure hizkuntzan bizitzeko eskubidea ez da beste eskubideen mailako kontsideratzen".

Gaineratu zuen, euskara hutsean bizitzea ezinezkoa dela eta saiatzea gatazka iturri dela askotan: "Egunero mikro-eraso txiki asko pairatzen ditugu eta konturatu ere ez gara egiten erasoak direnik. Zure hitza itzuli behar duzunean, taberna batean ebakia eskatu eta ulertzen dizutenean, kuadrilla batean norbaitek erdaraz egiteko eskatzen dizunean. Zaila da, gatazka iturri handia baita, bai kuadrillan, bai tabernan eta are gehiago poliziarekin edo zenbait administrazioren aurrean".

Eneka Alvarezek, ere hizkuntza urraketa horiek salatzearen garrantzia azpimarratu zuen: "Batetik errealitatea zein larria den ikusteko eta gero azken urteetan zerbait ikusi eta ikasi badugu da erasoak salatu egin behar direla, erasorik ez erantzunik gabe eta mugimendu feministatik ikasi dugun guztia euskalgintzara ekartzeko momentua ere oraintxe dela".

Bestalde, hezkuntzan euskara irakasteko egun dugun sistemaren porrota ere salatu zuen Alvarezek.

Lander Arbelaitz Argiako kazetariak gidatuko zuen mahai-ingurua. Arbelaitzek bideoz grabatu zuen ertzainek Alvarezekin izan zuten jokaera eta albistea zabaldu zuen. Bideo hori izan zen oinarria Ertzaintzak publikoki barkamena eskatzeko. Aldiz, bi ertzainek auzitegi penalera eraman dute kazetaria eta epaileak epaiketara deitzea edo ez erabakiaren zain dago.

"Ez da kasu isolatua eta geroz eta kasu gehiago ari dira ateratzen, kazetarien aurkako mendeku salaketak, Europa osoan zabaltzen ari den joera bat da eta ez dira gutxi ustelkeri kasu bat atera edo esklusiba batzuen arira informazio deseroso bat atera eta horregatik beraien aurka jartzen diren salaketak. Hori bai da salatzekoa, mendeku hutsa baita eta epaitegietara joan beharra, horrek dakarren kostu ekonomikoa eta azken batean ez dizu zure lana egiten uzten" zioen Arbelaitzek. Azpimarratu nahi izan zuen, ordea, gizartearen babes handia jaso duela.

Argiak 100 urte

Argiak bere mendeurrena ospatzen du, hau da, lehen aldiz euskarazko hedabide batek 100 urte bete ditu, eta atzoko ekitaldia Argia tokian tokiko eragileekin elkarlanean antolatzen ari den ekitaldietako bat izan zen, kasu honetan, Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearekin elkarlanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak