Udaleko Enpresa Batzordeak salaketa jarri du Udalaren aurka

Xabi Gorostidi 2019ko api. 3a, 00:29

Diotenez 2019ko Udalaren lan deialdi publikoa "ez da legezkoa", eta momentu honetan 37 udal lan postu finko daude "aldi baterako langileek beteta". 200dik gora udal langileren lan eskubideak defendatzen dituen organokoek esan dute gobernuak muzin egiten diola eurekin batzartzeari, "nahiz eta legez negoziatzera behartuta dagoen". 

Udaleko Enpresa Batzordeak prentsa agerraldia egin zuen atzo, berriki Udalaren aurka hartutako neurri legal baten berri emateko. Bertan izan ziren Enpresa batzordeko buru Dorleta Kortazar, Adela Bikandi –LAB– Maite Barreña –LAB–, David Fernandez de Gamarra–ELA– eta Aitzol Osa –LABeko sekzio sindikaleko kidea Udaltzaingoan–.

200dik gora Udal langile ordezkatzen dituen organoak salaketa jarri berri du Arrasateko Udalaren aurka. Donostian dagoen administrazioarekiko auzietako epaitegian jarri zuten, pasa den martxoaren 29an, euren ustez otsaileko osoko bilkuran onartu zen 2019ko Udalaren lan deialdi publikoa "ez delako legezkoa". Diotenez, Langile Publikoen Oinarrizko Estatuaren arabera deialdi publikoak onartu aurretik "Udala behartuta dago" sindikatuekin negoziatzera. Baina enpresa batzordeak dio 2019ko deialdia zuzenean pertsonal batzordera eraman dutela, eurekin negoziatu gabe, eta hor legea urratu dutela. 

Udaleko LPZko aldaketei dagokionez, diote aldaketa batzuetan –denetan ez– "derrigorrezkoa dela sindikatuekin negoziatzea". Otsaileko osoko bilkuran onartu zen LPZn aldaketa bat, goi kargudun udaltzain postuen hautaketan Ertzainek parte hartzea ahalbidetuz. Aldaketa hori "sindikatuekin legez negoziatu beharrekoa" dela diote, baina kasu horretan ere eurekin "negoziatu gabe pertsonal batzordera bideratu" zutela.

Bi "lege urraketa" horiengatik aurkeztu dute salaketa, eta bide judiziala argitu bitartean deialdi publikoa "behin-behinean bertan behera uzteko" eskatu diote gobernuari. Epaia euren aldekoa bada, kontratatutako langileak kaleratu beharko dituzte, eta dagozkien kalte ordainekin, eta hori saihesteko eskatzen dute argitu arte bertan behera uztea. Barakaldon, atzerako kasu batean –2018ko lan deialdi publikoarekin lotuta–, epaileak Enpresa Batzordeari arrazoia eman berri diola ere adierazi zuten.

"Gai hauek ez negoziatzea arduragabekeria izateaz gain, eskubide sindikalen aurkako eraso larria da. EUdal Gobernuari behin baino gehiagotan esan diogu hori, baina ikusita gure eskaerak ez dituztela aintzat hartu, legezko neurriak hartzea erabaki dugu".

Esan beharra dago, Udalak 2017an egin zuela azken aurreko lan deialdi publikoa; 2018an ez zen egin, eta 2019koa da azkena.

Interinitatea

Salatzen dutenez une honetan 37 lanpostu finko daude Udalean behin-behineko langileek beteta. Euren ustez Udalak aurkeztu duen lan deialdia "motz geratzen da", soilik zazpi plaza eskaintzen dituelako, guztiak udaltzainentzat: bost udaltzain, lehen udaltzain bat eta udaltzainburu bat.

Aldi baterako langileak kontratatzerakoan, diote, langileek maiztasun aldiz uzten dituztela postuak baldintza hobeagoak dituzten beste lanpostu batzuengatik, eta horrek eragin zuzena duela "herritarrei eskaintzen dieten zerbitzuaren kalitatean". 

Bestalde, sail batzuetako udal langileen bataz-besteko adina oso altua dela diote, eta bost urteren bueltan erretiratze asko egongo direla aurreikusten dute. Horri konponbidea bilatzeko plan eskatu diote Gobernuari, baina salatzen dutenez "ez dute erantzunik jaso". 

"Oso kezkatuta" Udal Gobernuaren jarrerarekin

2018tik hona Udal Gobernuarekin batzartzeko zailtasuna handiak dituztela salatu zuten. Hainbat aldiz eskatu ostean 2018ko uztailean batzartu ziren. Bertan, "EUDELetik jasotako irizpideari jarraituz", Udal Gobernuak esan zien ez zuela negoziazio kolektiboarekin jarraitzeko asmorik, eta "soilik zabalduko zuela Udalhitzen jarraipen mahaia".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak