"Gu guztiongan ilusioa sortu duen herri proiektuari bultzada emateko prest eta gogotsu gaude", esanaz hasi du aurkezpen ekitaldia Maria Ubarretxenak, Arrasateko EAJren alkategaiak, eta gaineratu du: "Arrasate sendo baten aldeko proiektu komunitarioa da gurea". Era berean, herriaren eskaera historikoei erantzun diola EAJk adierazi du "hitza betez", besteak beste, musika etxea, umeendako parke estaliak, Laubideko aparkalekua eta Makatzenako igogailua.
Aurrera egiteko gakoak zeintzuk diren ere esan du, "lana, lankidetza eta lantaldea": "Arrasatek beti egin du aurrera herritarren lanari esker". Eta bidegurutzean daudela etorkizunari begira gaineratu du: "Pauso sendoak ematen gabiltza horretarako, apaltasunez, herritarrak entzunda, erantzukizunez. Eta horren emaitzak agerian daude, nahiz eta oposizioak esan argazki asko eta mami gutxi. Argazki are gehiagorekin eta mami are gehiagorekin etorriko gara". Eta horren adibide batzuk aurreratu ditu: "Kiroldegi berria, herria eraldatuko duen mugikortasun plana, bidegorri gehiago, igogailu publiko gehiago, nagusien bizi-kalitatea hobetuko duten ekimenak, gazteen aisialdirako ideia berriak… Ideia mordoa ditugu". Programa datozen asteetan zehaztuko dutela gaineratu du, "ehunka arrasatearrekin landutakoa".
Arrasate iraunkor, euskaldun, parekide eta anitza aldarrikatu du Ubarretxenak: "Bizikidetzaren argazkia da gurea. Arrasate harro batena, bere nortasuna berreskuratu duena". Eta harrotasun horren arrazoi horietako batzuk aipatu ditu: kooperatibak, ekimen berritzaileak hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan biztanleko gastu handiena duen hirugarren udalerria, industria indartsua…
Pertsonak, baliabideak eta ideiak oinarri ezin hobeak direla herria eraikitzeko adierazi du alkategaiak. Eta aurkeztutako proiektu komunitario horri bultzada ematea ohorea izango dela esanaz bukatu du: "Herritarrei entzunez, partaidetza sustatuz, kudeaketa garbi batekin eta gardentasun osoz. Egindako guztiaren kontu ematen jarraituko dugu; orain arte egindako moduan".
Hona hemen zerrenda osorik:
- 1. Maria Ubarretxena Cid
2013-2015 bitartean Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendaria eta Kooperatiben Goren Kontseiluko lehendakaria. Goizper kooperatibako bazkidea.
- 2. Anuska Ezkurra Zubizarreta
2013tik Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordetzan komunikazio arduradura. Gaztetatik musika munduari lotuta egon da eta Goikobalu Txikiko sortzailea.
- 3. Ander Garay Zabaleta
2015tik Arrasateko ogasun, berdintasuna eta garapen komunitarioko eta kiroletako zinegotzia. 2013-2015 bitartean Mondragon C.F. taldeko lehendakaria.
- 4. Edurne Unamuno Rodrigo
Hezkuntzan graduatua. 20 urtetan Floridan (EEBB) irakasle izan da eta gaur egun ingeleseko irakaslea.
- 5. Ibon Arrupe Aldekozea
Injeniari industriala. 2011tik zinegotzi, 2015az geroztik Hirigintzako zinegotzia.
- 6. Maitane Muñoz Goikoetxea
Komunikatzailea eta argazkilaria.
- 7. Eugenio Uribarren Lasaga
Ostalaria eta arte martzialen zalea.
- 8. Amaia Ceciaga Garmendia
Farmaziako laguntzailea. 2007-2011 bitartean eta 2015az geroztik zinegotzi.
- 9. Juan Ramon Mendieta Garay
Komerziala. 2015az geroztik Kultura eta Euskara zinegotzia.
- 10. Vicente Echeverria Iriarte
Laboral Kutxan langilea. Hainbat agintalditan zinegotzi Udalean: 1983-1987, Udaleko Ogasun Batzordeko lehendakaria (EAJ/PNV); 1987-1991 (EA); 1991-1995 (EA) Ongizate Zerbitzuko lehendakaria; eta 2003-2007 (EAJ/PNV-EA) Pertsonal eta Ogasun Bartzordeko lehendakaria.
- 11. Aitor Garitano Trojaola
Ingeniari Zibila. Euskal Trenbide Sareko Zuzendari Nagusia.
Bi ereduren arteko aukeraketa
Hurrengo hauteskundeetan herritarrek bi ereduren arteko aukera egin beharko duela adierazi du Foru Aldundirako zerrendako buru den Markel Olanok. Eta onartu du lehia estua izango dela EH Bilduren eta EAJren artean. Hala, aurreko agintaldiko egoera eta azken lau urteetakoa alderatu gura izan ditu: "Guk hitza bete dugu eta Gipuzkoa blokeotik atera. Datorren asteartean irekiko dugu Deskargako autobidea, horren garrantzitsua Debagoienarentzako eta gipuzkoar guztiontzako funtsezkoa. Blokeo egoera batean, egoera arriskutsu batean, jaso genuen eta lau urteren ostean arrisku hori gainditu eta obra hori eraiki dugu".
Arlo ekonomikoaren garrantzia ere azpimarratu du: "Agintaldi honetan, urtero 50 milioi euro bideratu ditugu ekonomia berriro pizteko. Eta une honetan, esan beharra dugu, Arrasate eta Debagoiena aitzindariak direla langabeziari aurre egiteko; horregatik, langabezia Gipuzkoan %8an dago".
Gipuzkoa solidarioaren alde ere egin du. "Ekonomia bai, baina pertsonak eta arima ere bai". Eta Gipuzkoa dela Europan desberdintasun sozial gutxien duen lurraldeetako bat gaineratu du. Eta azpimarratu du industriarekin eta azpiegiturekin batera gizarte kohesioa funtsezkoa dela.
Madrilerako "indarrak batzen"
Apirilaren 28ko hauteskunde orokorretarako hautagai jeltzale den Aitor Estebanek zer dagoen jokoan adierazi du: "Edo euskal gizarteari entzunez politika egitea, edo estatuko alderdiek esandakoari men egitea". Eta "eskaintza" egin dio Estebanek euskal gizarteari: "Gure autogobernuaren defentsa bat atzerakada baten arriskuaren aurrean, demokraziaren defentsa, elkarrizketa bezala ulertutako jardun politikoarena, elkarrizketarako eta itunetara heltzeko gaitasuna".
Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek, ostera, EAJk erakundeetan ematen duen "bermea" defendatu du: "Fidagarritasuna eta eraginkortasuna erakutsi duen bakarra da bere ibilbide luzean frogatu duen bezala". Eta horretarako, EAJ-PNVk zutabe propioak dituela azpimarratu du: "Konpromiso etiko, politiko eta demokratikoa herri proiektu abertzalea aurrera eramateko". Alderdiak iraganean bere gaitasuna behin eta berriz frogatu duela-eta, "etorkizun gehien duen alderdia" ere badela aldarrikatu du.