Lapurrak kartzelan azkarrago sartzeko fiskaltzarengana joko du Udal Gobernuak

Xabi Gorostidi 2019ko mar. 20a, 21:31

Udal gobernuak dio herrian lapurreta gehien egiten dituen lapur taldea "behin eta berriz" geratzen dela aske. Hauek kartzelan sartzeko sententzia irmoa heldu arte hiru urte pasa daitezkeela argudiatuz, fiskaltzara joko dute, gaizkileak kartzelan sartzea azkartzeko helburuz.

Udal Gobernuak agerraldia egin du gaur, azken hilabetean Arrasaten egondako delituen gorakadari buruzko azalpenak emateko. Prentsaurrekoan, EAJko zinegotziek hartu dute parte –PSE-EEko inor ez da egon, ezta udaltzainik ere–.

EAJko Juan Karlos Garitano, Anuska Ezkurra, Maria Ubarretxena, Amaia Aspiazu eta Ander Garay, gaur arratsaldeko prentsa agerraldian.

Alkatea buru, azaldu dute lapurretak egiten dituztenen "inpunitateak" eragiten duela hein handi batean,  delinkuentzia kasuak komunikabideetan behin eta berriz agertzea, eta horrek herritarren artean eragiten duen "segurtasun falta". "Herrian gertatu diren lapurreta kasu gehienak lapur talde berak egin ditu. Udaltzainekin eta Ertzaintzarekin elkarlanean gabiltza, eta identifikatuta daukagu lapurreta edo delitu gehienak egiten dituen talde bat" azaldu du Maria Ubarretxena alkateak.

Lapurren profila

Hauei buruz esan dute, besteak beste, Arrasaten bizi direla, eta drogekin arazoak dituztela. Ez dute xehetasunik eman gaizkileen kopuruari, adinari edo menpekotasuna eragiten dien droga motari buruz. 

Delinkuentzia kasuen maiztasunaren eragilea "lapurrek duten inpunitatea" dela esan dute. "Berrerorleak izanda ere, epaileen eskuan jarri eta aske geratzen dira, behin eta berriz. Justizia oso garantista da, eta kartzelan ezin sartze horrek eragiten du delitu kasuak astero azaltzea. Kezkatuta eta arduratuta gaude eta gure esku dagoen guztia egiten ari gara arazo hau konpontzeko".

Fiskalaren neurria

Udal Gobernuak arazo hau konpontzeko emandako pausuak eman ditu aditzera. Besteak beste, otsailaren 15ean gaiari buruzko bilera egin zuten Ertzain etxean, eta eskutitz bat igorri diote Eusko Jaurlaritzako segurtasun sailburuari.

Baina, ikusita egindakoa ez dela nahikoa gaizkileak kartzelan sartzeko neurri berri bat iragarri dute: "Gaizkile hauek kartzelan sartzeko sententzia irmo bat heldu arte hiru urte pasa daitezke. Prozesu hori azkartzeko, Udaleko abokatuek Zumarragako Udalak hartutako neurri bat hartzea aholkatu digute: fiskaltzaren aurrean hiru txosten aurkeztuko ditugu, honek gaizkileen aurkako neurriak har ditzan".

Txosten horiek Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Herriko Gizarte Zerbitzuek egin behar dituzte, eta helburua da, behin fiskalaren esku utzita, honek ondorengo bi neurrietako bat hartzea: gaizkileak kartzelan sartzea, edo hauek desintoxikazio zentro batean ingresatzea.

Delikuentzia tasa eta pertzepzioa

Arrasateko delikuentzia tasa zenbatekoa den ere aipatu dute, baita Gipuzkoakoa eta EAEkoa. Datua mila biztanleko dagoen delitu kopuruan oinarritzen da:

  • Arrasate: 19,25
  • Gipuzkoa: 32,24
  • EAE: 40,32

Arrasatekoa baxuagoa izan arren, alkateak azaldu du horrek ez duela eragozten herritarren artean "segurtasun falta pertzepzioa egotea". "Astero komunikabideetan lapurreta kasuen berri badute, normala da herritarrek segurtasun falta izatea".

Udaltzainen egoera

Momentu honetan Arrasateko udaltzainek giza baliabide falta dute. Hala jakinarazi dute Udaleko enpresa batzordeak –udaltzainen ordezkaritza sindikala daraman organuak– eta ErNE sindikatuak, eta Udal Gobernuak ere "gabezia" bat dagoela onartzen du. Baliabide falta horrek gaizkileak atzemateko zailtasunak sortzen dituen galdetuta, erantzun dute ez dutela halakorik jaso udaltzainen partez, baina "giza baliabide falta hori lehenbailehen konpontzeko" ahaleginetan ari direla. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak