Inauteri giroan egin dute martxoko osoko bilkura, gaur arratsaldean. Herriko Plazako jai-giroa nabaritu egin da osoko bilkuran zehar, baina batzarra azkar joan da, eta gai serioak jorratu dituzte.
Martin Villaren mozioa
Lehenik eta behin Intxorta 1937 elkarteak aurkeztutako mozioari babes osoa eman dio udalbatzak, aho batez onartua izan delako. Rodolfo Martin Villaren krimenak ikertzea eskatzen zuen Intxortakoen mozioak, "gizateriaren aurkako krimenak direnez delituak ezin daitezkeelako amnistiatu edo indultatu". Villak hainbat aginte postu izan zituen 60. eta 70. hamarkadetan: SEUko buru, sindikatu bertikaleko idazkari, Bartzelonako gobernari, harreman sindikaletarako ministro, eta baita barne ministro Suarezen agintaldian.
Arrasateko kasuan, Suarezen ministro izan zelarik, honako krimenak egin zirela aipatzen zuen mozioak:
- Lau erailketa Guardia Zibelen tiroengatik: Agurtzane Arregi, Emilia Larrea, Roberto Aranburu eta Jose Maria Iturriotz.
- Bost zauritu, balen eraginez: Juan Jose Etxabe, Enrique Zurutuza, Juana Martin, Alberto Beltran eta Crescencia Bidaurreta.
Villa inputatua izan zen Argentinan, justizia unibertsalaren printzipioa aplikatuta, baina ez zen estraditatua izan, 2015eko martxoaren 13an, Espainiako ministro kontseiluak eskaria ukatu zuelako.
Guzti hori kontuan hartuz, lau eskari hauek egiten dituzte gaur onartutako mozioan.
- Espainiako gobernuari eskatzea 2015eko erabaki hori bertan behera uztea, Martin Villa estraditatzeko.
- Nazioarteko zuzenbidea erabiliz, frankismoan eta trantsizioan egindako krimenak ikertzea.
- Martin Villa pertsona non grata izendatzea Arrasateko udalerrian.
- Udalaren erabakia honako instantzietara helaraztea: Espainiako Justizia Ministerioari, Auzitegi Nazionalaren eta Auzitegi Gorenaren buruari, Estatuko Fiskaltza Nagusiari eta Argentinako Errepublikako Krimen gaietarako eta zentzategi federaleko 1. Epaitegi Nazionalari.
[Mozioa bere osotasunean irakurtzeko, egin klik hemen]
Adierazpen instituzionala
Ostean, adierazpen instituzionala irakurri du Maria Ubarretxena alkateak, frankismoaren inpunitatearen inguruan. Bezpera adierazgarri batean egin dute irakurketa, bihar aurkeztuko baitu Arantxa Markaide arrasatearrak –beste hiru biktimekin batera– Jesus Muñecas Guardia Zibileko kapitainaren aurkako kereila Donostiako Epaitegian.
Hala dio alderdi guztien onespena izan duen testu bateratuak:
"Datorren Martxoaren 6ean, eguerdiko 12:00etan, biktima torturatuen deklarazioen aurkezpena izango da Donostiako Epaitegian. Kasu honetan, beste biktimen artean Arantxa Markaide arrasatearra izango da Justizia espainiarraren esku utziko duenak Jesus Muñecas Aguilar kapitainak, beste guardia zibilekin batera, garai haietan frankismoaren aurkako mobilizazioetan hainbat eskualdetan ari ziren milaka gazteei izu zitala sartzeko asmoekin egin zituzten ekimen kriminalen salaketak. Arrasateko Udal Batzarrak gure herriko biktimei eta beraien senide guztiei bere elkartasuna adierazten die Egia guztia ager eta Justizia osoa egin dadin 40 urteko diktadurapean frankistak gizateriaren aurka egindako krimenekin. Memoria osoa nahi baitugu berreskuratu, Bakea eta Elkarbizitza behar bezala bideratzeko.
Halaber, deklarazio egunean arrasatear guztiei deia luzatzen diegu bere elkartasuna adierazteko modu baketsuan Donostiako Epaitegiaren aurrean eguerdiko 11:00etik aurrera izango den Elkarretaratzean.
Frankismoaren inpunitateari tolerantziarik ez !"
Eztabaida galde eta eskeetan
Eguneko azken puntuan, Baleike alderdiak bere haserrea azaldu du, atzo udalbatzan jarritako Arizmendiarrietaren koadroari buruz. Euren ustez, ez da bidezkoa laugarren gizonezko baten koadroa jartzea, emakume eta gizonezkoen koadro kopuru bera jartzea onartu ostean. "Aukera historikoa galdu duzue ikurren parekidetasunean urrats garrantzitsua emateko".
EAJko udal taldeko bozeramaile Anuska Ezkurrak erantzun du jarraian. Azaldu du, Arizmendiarrietaren Lagunak elkarteak egindako eskaria zela koadroa jartzearena, eta urriko osoko bilkuran onartua izan zenez, horri bidea eman diotela, "besterik ez". Ikurren parekidetasuna lortzeko mozioari buruz esan du, aditu batzordeko kide izateko hautagaiei gutuna bidali dietela, eta gai hori "martxan" dagoela. "Bi mozio ezberdin dira Arizmendiarrietarena, eta ikurren parekidetasunarena; bata bete egin da, eta bestea martxan dago".
EH Bilduk kritikatu egin du gai batek izan duen "presazko trataera eta besteak daraman prozesu motela". "Ez gabiltza Arizmendiarrieta epaitzen, edo koadro bat merezi duen edo ez esaten. Presaz tratatu duten gai bat izan da, eta horren erakusle da, oposizioko alderdiek ekitaldia baino hiru ordu lehenago jaso genuela gonbidapena".
Prozesuaren moteltasunari buruz zera adierazi du Maria Ubarretxena alkateak: "EAJtik lehentasuna eman diogu gaiari, eta horren adierazle da azaroan bertan aurkeztu genituela adituen batzorderako lau hautagai. Ostean, gaia Berdintasun Batzordetik Kulturakora pasa da, hautagai gehiago proposatu dira... eta aste honetan bidali dizkiegu gutunak aditu batzorderako hautagaiei".
Amaitzeko, EH Bilduk bere kezka azaldu du Udaltzainen gaiaren inguruan. "Gaiaren urgentziak, ez al du merezi elkarrekin eseri eta eztabaidatzeak?" galdetu du Eneko Barberenak; eta alkateak erantzun dio esanez, dagokion batzordean –pertsonalekoan– emango diotela erantzuna EH Bilduren galderei.