Nerabeen artean egindako inkesta baten arabera %15,30ak kontsumitzen du marihuana

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko mar. 4a, 13:33

San Juan de Dios Ospitaleak egin zuen ikerketa joan zen urteko urrian eta abenduan, Arrasaten. Arizmendiko eta Institutuko DBHko 1. mailatik 4. mailara arteko 861 nerabek bete zuten inkesta. Kontsumo ohiturez gain, erabakiak hartzeko trebetasuna, autoestimua, arriskuen pertzepzioa, asertibitatea eta drogak kontsumitzeko presio soziala ere neurtu zituzten.

San Juan de Dios ospitaleak egin du ikerketa, Udalaren eta bi ikastetxeen laguntzarekin. Urrian eta abenduan egin zituzten inkestak; orain, datuak aurkeztu dituzte.

Zergatik kontsumitzen duten, hori da gakoa

Maria Ubarretxena alkateak azaldu du derrigorrezko bigarren hezkuntzako 861 ikaslek bete zituztela inkestak; datuen arabera, 861 ikasle horietatik 127 ikaslek marihuana kontsumitu dute edo kontsumitzen dute.

KURTSOA IKASLEAK KONTSUMITZAILEAK EHUNEKOA
DBH 1 232 11 %5,20
DBH 2 205 15 %7,60
DBH 3 222 36 %15,30
DBH 4 202 65 %33
GUZTIRA 861 127 %15,30

"Ikerketa honek balio du jakiteko zeintzuk diren datuak; baina, garrantzitsuena dena, balio du jakiteko nerabeek zergatik hartzen duten kontsumitzeko erabakia", azaldu du alkateak.

Nolako gizartea gura dugu

San Juan de Dios Ospitaleko psikologo Emilio Martinek dio "akatsa" dela "fokua kontsumoen datuetan bakarrik jartzea". "Kontsumo datuak nerabearen testuinguruarekin lotu behar ditugu; izan ere, beste zenbait esparrutan erabakiak hartuko dituen pertsona bera da nerabe hori. Eta, posible da, beste erabaki horiek hartzerako orduan alde nabarmenik ez egotea", dio Martinek.

Ikerketak utzitako datuen aurrean, zenbait galdera sortzen direla dio Martinek: "Batetik, ikusi behar dugu ea prebentzio neurriak iristen diren herritarrengana, eta momentu egokian iristen diren; eta, bestetik, hausnartu behar dugu nolako gizartea gura dugun, eta nerabeek ze toki bete behar duten gizarte horretan".

Beste zenbait faktore ere izan dute kontuan

Kontsumo ohiturez gain, ikerketa honetan kontuan hartu dituzten beste neurri batzuk izan dira: erabakiak hartzeko trebetasunen eskala, autoestimuaren eskala, drogen kontsumoari loturiko arriskuen pertzepzioaren eskala, asertibitatearen eskala eta drogak kontsumitzeko presio sozialaren aurreko erresistentziaren eskala.

Datu positiboak eta negatiboak

Prebentzio neurriak ez direla momentu egokian egiten azaldu du du Martinek: "DBH 1. mailako kontsumitzaileak dira kontsumitzaile guztien ia %9a. Horregatik, beharbada, prebentzioa lehenago egin beharko litzateke". Datu positiboak edo itxaropena eman dezaketen datuak ere badaudela dio Martinek: "Kontsumitzen duten %55ak hilean 1-2 porro kontsumitzen dute; eta, %16ak 3 eta 5 porro artean –guztira %71–. Horrek esan nahi du horiekin lan egin eta kopuru horiek jaisten baditugu, beste guztiak ere jaitsi egingo direla".

Alde negatiboa ere nabarmendu du psikologoak. Azaldu du DBHko bigarren mailan beste sustantzia batzuk bilatzen hasten direla nerabeak, "konkretuki speed-a eta anfetaminak".

Lanean jarraituko dute

Maria Ubarretxena alkateak nabarmendu du ikastetxeek lanean jarraituko dutela eta hurrengo pausoa izango litzatekeela gurasoekin hitzaldiak egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak