Musakolako kiroldegi berriaren aurreproiektua aurkeztu du Udalak

Maider Arregi 2019ko ots. 28a, 13:45

Musakolako kiroldegi berriaren aurreproiektua aurkeztu du goizean Arrasateko Udalak. Kirol klubekin eta erabiltzaileekin hausnartutako proiektua dela adierazi du Maria Ubarretxena alkateak. Irailean, herritarrekin parte-hartze prozesua abiatuko dute.

Musakolako erakinak 42 urte ditu eta Gipuzkoako zaharrenetako da. Eraikinak aluminiosia izeneko gaixotasuna daukala eta konponezina den gaitza duela azaldu du prentsaurrekoan Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak. "Estruktura jaten duen gaitza dauka; ez dauka konponbiderik eta bota egin  behar da. Eta etorkizun ertain batean ez dugu gura kiroldegiak 'krak' egitea eta aurreikuspen gabe egotea. Horregatik kiroldegi berri batean pentsatzen hasi beharra daukagu aurreikuspena edukitzeko eta erantzukizunez jokatzeko".

Kluben eta erabiltzaileen beharrak kontuan hartuta Izaskun Larzabal arkitektoak egin du aurreproiektua, 23.935.620 euroko aurrekontuarekin –Bez gabe–. Proiektu finala egiteko prozesu parte hartzailea egingo dute, eta lanak ez dira 3 urte barru arte hasiko.

Klubekin eta erabiltzaileekin hausnartua

Urte bete darama Udalak herriko klubekin euren beharrak aztertzen eta jasotzen. Baita kiroldegiko erabiltzaileekin ere. "Behar guzti horiekin osatu dugu gure etorkizuneko kiroldegiaren aurre-proiektua", dio Ubarretxenak.

Orain jendaurrean jarrita dago nolako kiroldegia izango den, zein itxura izango duen herritarrei informatzeko. Gero, herritarren iritzia eta eskaerak ere entzun gura ditu Udalak eta irailean parte hartze prozesua abiatuko du ekarpen guztiak jasotzeko. Baina prozesu guzti hau hiru urtekoa dela argitu du eta luze joko duela. "Prozesu luzea da eta obrak hasi aurretik hiru urte pasa beharko dira. Lasaitasuna helarazi gura dugu ez gara bihar hasiko eta kiroldegia eraisten".

Zerbitzuak integratuta

Kiroldegia eta atzeko parteak bat egingo duen diseinua aurkeztu dute.  "Kiroldegi oso berdea eta horizontala planteatzen dugu. Sarrera bakarra izango duena eta  kiroldegiko atzeko partea ere integratua edukiko duena".

Etorkizunean gainera, kiroldegira joateko bidegorria egin gura duela argitu du Udalak. "Ingurugiroa eta jasangarritasuna oinarri duen proiektua da. Inpaktu bisual gutxikoa eta horizontala. Teilatu berdeak ditu gainera termikoki eta energetikoki autonomia izateko".

Balantze energetikoa 0 duen kiroldegia egitea izan dutela helburu eta erronka azpimarratu du Larzabal arkitektoak.

Igerilekuak

Berrikuntza nabarienen artean igerilekuak daude, batez ere, kanpokoa eta barrukoa aldi berean erabili ahal izango direlako. Kanpokoa erabat ludikoa izango da, erreka alboan joango da, 4.500 metro kubiko izango ditu eta 1.500 lagunentzako edukiera izango du –oraingoa 950 lagunekoa da–. Barrukoak hiru gune izango ditu: igerileku handia –25x25 metrokoa eta 10 kalerekin–, igerileku txikia eta spa gunea askotariko txorrotekin.

Hiru solairu eta bi kantxa

Hall printzipala –600 metro koadrokoa– lehen solairuan joango da eta sarbidea izango du atletismo pistara eta Mojategira. Igerilekuak eskuin aldean geratuko dira, eta eskuin aldean bi kantxa, bi tenis zelai, bi padel zelai, eta Antoña gunea. Honek gaur egungo distribuzio bera izango du –bi frontoi, hiru squash pista, eta saski baloirako kantxa bat–, baina berritu egingo dute. Azpiko solairuan, hiru gimnasio –normala, arte martzialena eta kirol klubena–, kirol lasaientzako bi gela, kirol aktiboentzako bi gela, biltegiak, parking txiki bat barne erabilerarako, eta rokodromoa –hamar metroko altura izango du, eta hiru solairuetan luzatuko da–. Solairua ez da guztiz lur azpian geratuko eta argi naturala izango du. Bigarren solairuan kafetegi-jatetxe handi bat joango da, bi kantxen harmailak, eta ikastaroak egiteko gela batzuk. Igerilekuaren eta kantxa eremuen sabaia berdea eta erabilgarria izango da. Igerilekuarena, adibidez, eguzkia hartzeko gune izango da, eta ur-jolas batzuk ere izango ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak