Urteko errepasoa eta argazki erakusketa egin dute pentsionistek

Imanol Beloki Unamuno 2019ko ots. 19a, 10:33

Pentsiodunak euren baldintza kaskarrak salatzeko protestan kalera ateratzen dira astelehenero, atzo, baina, ez zuten elkarretaratzerik egin. Horren ordez, Kulturaten batu ziren Arrasateko pentsionisten plataformakoak, 2018an izandako manifestazio eta elkarretaratzeen argazki erakusketa egiteko, eta bide batez, orain arte egindakoen errepasoa egin zuten, zein momentutan dauden adierazi, eta etorkizunera begirakoak ere aztertu zituzten, besteak beste.

Hitzaldia, Duintasuna elkarteko kide den Arantza Corralesek eskaini zuen, eta gauzak lortzeko kalean egotea ezinbestekoa adierazi zuen argi eta garbi: "Kalean gauden bitartean panorama ona izango da. Asko lortu dugu kalean egonda, eta gehiago lortu behar dugu. Indarrez mantendu behar gara, hala ere, hemen interes asko daude eta gogorra eta luzea izango da bidea".

Hurrengo pausoa finkatuta

Horrez gain, plataformako kideek emango duten hurrengo pausoa zein izango den ere adierazi zuen Corralesek: "Aste honetan Madrileko Parlamentura goaz. Bertan, zenbait taldekin elkartuko gara, nolabait gure aldarrikapenak eramateko. Horrekin batera, eguenean, Euskal Herriko talde gehienok bilera orokorra izango dugu Gasteizen, eta bertan erabakiko ditugu zeintzuk izango diren hurrengo pausoak".

Elkartasun eskean

Herritarren babesa, elkartasuna eta errespetua lortu dutela ere gaineratu zuen, eta asko dagoela irabazteko eta duintasunaren alde borroka egin behar dela nabarmenduz. Honekin batera, Debagoieneko herritar guztiei ere elkartasuna adierazteko deia ere egin izan nahi zuen Corralesek, etorkizunera begirakoa, denontzat dela adieraziz: "Debagoieneko jendea animatzea nahi dugu. Pertsonen esker asko lortu dugu, eta gure duintasuna dugu irabazteko. Gazteak, berriz, ikasten edo lanean daude, baina modu asko daude beraien elkartasuna adierazteko: pankarta bat jarriz, idatzi bat bidaliz…, eta beharrezkoak dira. Gu, ez gaude gure pentsioen alde, soilik, borrokan, etorkizunari begira, pentsio publikoen alde gaude, eta hori denontzat da".

Atzoko hiltzaldiko antolatzaileak saioa hasi aurretik.

Atzo, partaidetza handiagoa

Amaitzeko, atzo goizean, pentsionistak Arrasateko plazara irten ez baziren ere, arratsaldeko hitzorduagatik, Euskal Herriko herri askotan normalean baino jende gehiago irten zela adierazi zuten, eta hainbat herritako pertsonak ere batu direla egitasmora, orain arte ez bezala. Hori positiboa dela gaineratuz.

 Datorren astetik aurrera, astelehenero, plazara joaten jarraituko dute pentsionistek, beti bezala, 12:00etan.

Kulturaten jende dezente batu zen.

Pentsionistek idatzitako prentsa-oharra

Autoritarismoari ez eta bai debate eta demokrazia parte-hartzaileari

"Pentsionistek aurreikusi moduan, pasa den eguenean, otsailaren 14ean, Euskal Parlamentuan aurrekontu neurri urgenteen hiru lege onartu zituzten. Haietako bat DSBE-ri –Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta– dagokiona da. %3,5eko igoera aurreikusten da eta %4,5ekoa pentsiodunen kasuan, hau guztia, pertsona bakarreko familia unitateentzat 765 euro izango litzateke, suposatuko luke oraingo osagarria 33 euroan igotzea. Nabarmendu beharra dago osagarri hori Eusko Jaurlaritzak EH Bildurekin aurrekontuetan negoziatu zuena baino gutxiago dela, 18 euro gutxiago hain zuzen ere. Beraz, oso urruti geratzen da pentsio baxuenak 1080 eurora igotzeko gure errebindikazioaren ondoan, pobreziaren atalaseaz behetik dauden pertsona jubilatu eta pentsiodunentzat.

Gainera, esan beharra dago halaber Urkulluren Gobernuak jarrera autoritarioa eduki duela Parlamentuan aurrekontu neurri urgenteen hiru lege aurkeztean bakoitza irakurketa bakarrez izapidetu delako, zuzenketak aurkezteko aukerarik eman gabe.

Bestalde, otsailaren 7an, Gizarte Eskubideen Gutunaren Plataformak Parlamentuan HEL bat (Herri Ekimen Legislatiboa) aurkeztu zuen, 51.000 sinaduren bermearekin pobrezia eta esklusioaren aurka, gizarte prestazioen estaldura hobetu eta areagotzeko. Gasteizko Parlamentuan debatitzeko proposamena ukatu egin zen Gasteizko Gobernuaren eta PPren botoekin.

Pentsatzen dugu jarrera hau guztiz autoritarioa eta salagarria dela, ziurgabetasun handienean dauden pertsonak bazterrean uztean hauen artean milaka pentsiodun oinarrizko beharrak betetzeko larrien dabiltzanak.

Historiak argi erakusten du aurrerapenak borroka eta mobilizazioen bidez lortzen direla, eta horregatik animatzen zaituztegu borrokan jarraitzea gure errebindikazio duinen defentsan, dagoena dagoela gobernuan, bai EAEan eta Nafarroan eta Madrilen ere". 

Pentsiodunak aurrera!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak