Mihi-Bero izeneko mahai-jolasa aurkeztu du Txatxilipurdik, sexualitatea berdintasunaren ikuspegitik lantzeko helburuz, eta noski, euskaraz.
Nerabezaroan sexualitatea lantzeko beharra zegoela ikusi zuten elkartetik, eta 2013an sortutako proba pilotu baten ostean, eskuragai dago dagoeneko mahai-jolasa. Hauxe adierazi du elkarteko Gazte saileko kide Leire San Vicentek: “2013an hasi ginen hutsune hori sumatzen, ez genuen aurkitzen gazteek sexualitatea modu ludiko batean lantzeko tresnarik, eta hortik sortu zen Mihi-Bero”.
Jolasteko erraza
12 urtetik gorakoei dago zuzenduta, eta sexualitatea oinarri moduan hartuta, hainbat gai landu nahi izan dituzte mahai-jolasean. Halaxe azaldu du elkarteko Haur saileko koordinatzaile Itsaso Gallastegik: “Mihi-Bero jolasarekin sexualitatea, berdintasuna edota feminismoa landu ditugu. Tabuak apurtu nahi izan ditugu, eduki desberdinak eta askotariko harremanak ukitzen dituen mahai-jolasarekin. Erreminta moduan ere erabil daiteke gai horiek lantzeko”.
Taldeka jolastea proposatzen dute egileek eta Trivial jokoaren antzerako funtzionamendua dauka: “Mahai-jolas honek taula bat dauka eta hainbat laukitan jar daiteke parte-hartzailea: imintzioka edo mimika laukia dago, baita marrazkiarena ere, galderena, eta azkenik, hitz ezkutuarena”, esan du Gallastegik.
Dagoeneko salgai
Mahi-jokoaren inguruko informazio gehiagorako, webgune bat ere egin dute Txatxilipurdikoek. Bertan irakur daitezke jolasaren nondik norakoak edota bestelako xehetasunak.
Dagoeneko 25 euroren truke salgai jarri dute Txatxilipurdiko egoitzan. Internet bitartez eurekin harremanetan jarrita ere eros daiteke, eta momentuz, baita Arrasateko Olgeta dendan ere.