Nati Roa: "Aitak 10 urte zituela eroan zuten amandrea faxistek"

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko urt. 18a, 13:00

Herri akusazio gisa aurkeztuko da Gipuzkoako Diputazioa, 1936an frankismoak erail zituen bi gipuzkoarren kasu partikularretan: Florencia Olazagoitia Zeziaga arrasatearrarenean eta Jose Ariztimuño Aitzol apaiz tolosarrarenean. Olazagoitiaren biloba Nati Roak eman ditu azalpenak.

Zelan jakin zenuten Gipuzkoako Diputazioa ari zela salaketa aurkezteko asmotan?

Duela pare bat hilabete Diputazioak aditzera eman zigun Frankismoaren krimenen aurkako kereila kriminala aurkezteko aukerak aztertzen zebiltzala eta Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketak jasotako 979 kasuen artean, gure amandre Florencia Olazagoitia Zeziaga zegoela. Armak tartean ez zituzten kasu bi aukeratu zituzten, kereilak aurrera egiteko aukera handiago izateko. Indarrez desagerrarazitako kasu garbia zen.

Ze sentitu zenuten?

Isiltasuna, ikara... Esan ziguten herri akusazioa egiteko, kereila partikularra ere egitea komeni zela. Planteamendu serioa iruditu zitzaigun, erakunde publikoen babesarekin. Gertatutakoa kontatzen ez bada, berriro gerta daiteke. Salaketa jarriko dute Donostiako epaitegian eta nahiko genuke lortzea epaitegi batek esatea zer gertatu zen; egia ofiziala. Konplikatua da... 

Urte asko izan dira isilean.

82 urte. Zergatik ez lehenago kontatu? Beldurrarengatik, lotsarengatik… Gure aitak, Eduardok, ez zuen ezer jakin gura. 85 urterekin hil zen. Amama eroan zutenean, harekin batera zen, 10 urte zituen, eta frontera eroan zuten erreketeek.

Zer gertatu zitzaion amandreari?

Atxilotu zutenean, familiakoa zen Udalako baserrian behera zetorren esnearekin, Resusta kalean zuten denda zabaldu eta saltzeko. Lehengusinarekin eta gure aitarekin batera zetorren. 40 urte zituen. Bi seme eta alaba bat zituen, txikiak hirurak… eta haurdun zen, bost hilabeteko. Uste dugu guardia zibilek atxilotu zutela, Kondekuan, eta Oiartzunen fusilatu zutela. Gorpua zehazki non den ez dakigu.

Politikoki nabarmendu egin zen?

Sozialista zen. Baina, dirudienez, frankisten aurka borrokatzen hiru anaia eta lehengusu bi zituelako fusilatu zuten. Lehengusu bat, gainera, Dragoien batailoiko komandantea zen. Eta, antza, Llamas komandante faxistak esana zuen "marxista zitalen familiarrak erail beharra" zegoela. Hitza bete egin zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak