Gora behera ugari izan ditu Ishot!u jaialdiak. Iñaki Bengoak izandako ezbehar bati aurre egiteko helburuz sortu zen, baina hainbat traba eta oztopo gainditu behar izan dituzte antolatzaileek eta musikariek. Lehenik eta behin, leku aldaketa, eta horrek dakartzan buru hauste guztiak. Ostean, azken orduko gaixoaldiak. Des-Kontroleko baxu-jole den Hodei Beitia izan zen lehena. Gaixo jarri zen, baina kontzertua bertan behera utzi beharrean, ostegunean bertan lortu zuten bere ordezkoa. Aipatzea, bi entsegu eginda, primeran bete zuela bere lekua Brigade Loco talde bergararreko baxu-joleak. Azken gaixoaldia, atzo goizean bertan. Esne Beltzako Xabi Solanok trikitia jo behar zuen Pikete Lerroaren kanta batzuetan, baina azken orduko osasun arazoengatik ezin izan zen etorri. Kontzertua hasi aurretik zera zioen Fermin Muguruzak, Ishot!u jaialdiaren "madarikazioari" buruz.
"Bazirudien bazegoela madarikazio bat gaurko kontzertuarekin. Hasieran Polikiroldegian egin behar genuen, eta bertan behera geratu zen. Ostean gaztetxera leku aldaketa. Pikete Lerroarekin asteartean egin behar genuen entsegua, baina Hodeiek ezin izan zuen jo, pneumoniak jota. Eta esan genuen: Bada, bertan behera utzi beharko dugu, ez badugu presazko baxu-jole bat lortzen behintzat. Ostegunean Brigade Loco taldeko Oier baxu-joleari deitu genion, bizpahiru ordutan kantak ikasi, eta ostegunean bertan egin genuen lehen entsegua. Atzo, bigarrena, eta kostata izan bada ere, Pikete Lerroa, aitzina doa".
"Fermin Muguruza: Bazirudien madarikazio bat zegoela gaurko kontzertuarekin"
Ishot!u-ren bigarren kontzertua
Lehen egunean gaztetxea ez zen bete. Sarrerak lortzeko ilara egin beharrak atzera bota zuen bat baino gehiago, baina atzokoan ez zen hori gertatu. 21:30ean ilara handia zegoen gaztetxearen kanpo aldean, eta sarrera elegantea egongo zela aurreikusi zitekeen. Eta halaxe izan zen; gaztetxea goraino bete zen, sarrera guztiak agortuz.
La Furiak primeran egin zituen beroketa lanak. Hirukote formatuan aritu ziren; bera abesten, Leire ikusleak dantzan jartzen, eta Unai DJ lanetan –Fermin Muguruzaren semea–. Ohi bezala, mezu zuzen eta gordin ugari bidali zituen Furiak, bai kantetan, eta baita kanten artean. Besteak beste esan zuen, emakumeentzat etxera bakarrik joatea amesgaiztoa dela, eta horrekin amaitu beharra dagoela. Esker hitzak izan zituen Iñaki Bengoarentzat eta Iker Barandiaran antolatzailearentzat, Shot!eko errautsetatik halako ekimen bat ateratzeagatik. Keinu polita egin zuten amaiera aldean, RIP-en Mondra abestiarekin intro bat eginda, eta "Gora zuek, eta gora borroka feminista" hitzekin agurtu zen Furia.
Fermin Muguruzak mikrofonoa ebatu aurretik, Des-Kontrolek emanaldi labur eta indartsu bat egin zuen. Altxa gaitezen kantarekin hasi ziren, eta ereserki izatetik gertu dauden hainbat abesti jo zituzten, Duintasunez Eutsi abestiarekin amaituz. Jarraian Fermin Muguruza taularatu zen, ia 30 urtez zuzenean abestu gabeko Kortaturen kantak jotzeko. Zentzu horretan, 1985ean Kortatuk Biona tabernan egindako kontzertua gogoratu zuen, "memoria historikoaren parte" dela esanez. The Clashen Jimmy Jazz bertsioa jo aurretik ere, ikusleen berotasuna eta esker ona eskatu zuen atzo tabernari lanetan aritu ziren Mirentxin Gidariak-eko lan taldearentzat. Hainbat harri bitxi jo zituzten, besteak beste, La Familia Iskariote, Hay algo aqui que va mal, Lepoan hartu ta segi aurrera –RIP–, Sarri sarri edo Zu atrapatu arte.
Kontzertu osteko inpresioak
Gau gogoangarria eta berezia izan zen atzokoa, eta behin amaituta, agerikoa zen hori Iñaki Bengoaren aurpegian.
"Harrigarria izan da niretzat, ez dut hitzik deskribatzeko. Argi geratu da, musika ez dela inoiz geldi geratuko Arrasaten. Ez suak, ez Udaletxeak, inork ez du musika geldiaraziko.
Iñaki Bengoa: "Argi geratu da, musika ez dela inoiz geldi geratuko Arrasaten. Ez suak, ez Udaletxeak, inork ez du musika geldiaraziko".
Traba mordoa izan ditugu bidean, baina gaztetxea goraino bete da, eta oso pozik nago. Milesker Glaukomari, La Furiari, Itziarren Semeak taldeari, Soziedad Alkoholikari, Fermin Muguruzari, Des-Kontroli, Bideaneko Haritzi, Iker Barandiarani, eta beste hainbat lagunei ere".
Kooltur Ekintzako antolatzaileek ere, eskertuta eta pozik amaitu zuten atzoko gaua. Diru-biltzea zen jaialdiaren hasierako asmoa, eta izandako zailtasunen eraginez, diru galerak eragiteko zorian egon da une batzuetan. Antolatzaileek ez zuten atzokoan balorazio ekonomiko zehatzik egin, baina gastuak estaltzeko balio izan duela adierazi zuten. "Instituzioen traben gainetik, gaztetxeak eman digu aukera guzti hau posible egiteko. Beraz, eskerrak AGAKOri, eta eskerrak baita musika taldeei ere, euren baldintzak gurera moldatzearren. Denon artean berotasuna eman diogu Ishot!u-ri, eta eragindako gastuak ordaintzeko dirua batu dugu" azaldu zuen Kooltur Ekintzako kide den Adrian Ugaldek.