Askotariko sufrimenduen bilgune bihurtu da Kulturate

Xabi Gorostidi 2018ko abe. 21a, 16:01

Udaleko memoria eta bizikidetza mahaiak eta Argituz elkarteak Arrasate 1956-2018 Memoria partekatu baterantz liburua aurkeztu dute gaurkoan. Bertan izan dira ETAk zein BVEk eraildakoen senideak, preso ohiak, tortura kasuak salatutakoak, zein bizkartzaina eraman dutenen lagunak, ... guztiak leku berean, elkarbizitzan urratsak ematea helburu izan duen aurkezpenean. 

22 hildako, 49 zauritu, 111 tortura salaketa eta 27 pertsona eskoltarekin. Horiek dira Udaleko Memoria eta Bizikidetza Mahaiak egin duen Memoria Partekatu Baterantz, Arrasate 1956-2018 txostenak biltzen dituen datuetako batzuk. Udaleko alderdi guztiek osatzen dute mahai hori, eta txostena egiteko orduan giza eskubideen alorrean aditua den Argituz elkartearen laguntza izan dute –Errenterian eta Andoainen antzerako lanketak egin ditu–.

Irudia: Argituz elkarteko kideak Eta Udaleko Memoria eta Bizikidetza mahaiko partaideak, ekitaldi amaieran.

Espainiako gerratik frankismoko lehen zatia agortzerainoko sufrimenduen bilketa Intxorta elkartekoek egin dute eta 1956tik gaur egunerainokoa, ordea, Argituzekoek eta mahaiko partaideek. Argituz elkarteko kide Sabin Ormazabalek azaldu du zein den txostenaren helburu nagusia: "Helburua ez da izan txostena egitea, denen artean minimo batzuk adostu eta memoria partekatu bat eraikitzea baizik, etorkizuneko elkarbizitza errazteko. Partaide guztiek ez dute zertan %100ean ados egon, baina eurena dela sentitu behar dute".

Lehenik eta behin herriko politikariek hartu dute hitza, eta ostean Argituz elkartekoak igo dira oholtzara, gonbidatu berezi batekin gainera; nazioarteko bake prozesuetan aditua den Carlos Beristain. 

Irudia: Carlos Beristain, eta Argituz elkarteko Maitena Salinas, Jon Moñux, Aintzane Gamiz eta Sabin Ormazabal. 

Hona hemen Beristainek botatako esaldietako batzuk:

"Arrasaten egin duzuen prozesua oso beharrezkoa da elkarbizitza errazteko".

"Zauriak ezin dira sendatu errespeturik gabe".

"Zauriak bizirik daudenean, ez du axola izaten zer diozun, zein aldetako zaren baizik".

"Batzuek diote denborak dena sendatzeko balio duela, baina kasu batzuetan, Gerra Zibila adibidez, zauriak kronifikatzen ditu"

Ostean, Argituz elkartekoek argibideak eman dituzte txostena egiteko prozesuaren inguruan. Giza Eskubideen Nazioarteko Araudian oinarrituta, honako sufrimendu mota hauek bereizi dituzte: bizitzeko eskubidearen aurkako erasoak –erailketak–, osasun fisiko-psikikoaren aurkakoak, ondasunen aurkakoak eta beste sufrimendu batzuk – suizidioak eta kartzelara bisitan errepidean hildakoak–. 

Sufrimendua pairatu duten biktimekin elkarrizketak egin dituzte, alderdi politikoen egoitzetan, kafe baten bueltan taberna baten edo Udaletxean bertan, biktimak eroso sentitzen ziren tokietan. Bilketa horren emaitzak, ondorengo taulan batu dituzte

Bukaeran nabarmendu dute txosten horrekin ez dela ezer bukatu, eta elkarbizitzarako bidean urratsak ematera animatu dituzte arrasatearrak. Ekitaldia bukatzeko Jon Sarasuak lanketa honetarako propio idatzitako poesia batzuk irakurri dituzte, eta ostean luntxa izan da Kulturateko klaustroan. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak