Adostasun zabala dispertsio politikari desadostasuna erakusteko

Xabi Gorostidi 2018ko abe. 18a, 19:05

Udaleko osoko bilkura aretoa eserlekurik gabe geratu da, dispertsio politika sufritu duten arrasatearrei harrera egiteko, eta horrekin amaitu beharra dagoela transmititzeko. Udaleko alderdi politiko guztiek adostutako testua irakurri du alkateak, eta ostean, dispertsio politika 28 urtez pairatu duen –oraindik jarraitzen du– Ramon Arkauzek lehen pertsonan azaldu du euren egoera. 

Gaurko ekitaldia Memoriaren eta Bizikidetzaren mahaiko lanketan du jatorria, eta mahai horretan egindako lana azalduz hasi du hitzaldia Maria Ubarretxena alkateak. Ostean, hala laburbildu du gaurko ekitaldiaren helburua: "Gaur zabaldu gura izan ditugu udaletxeko areto honen ateak, agertzeko gure herrian presente dagoen sufrimenduzko errealitate bat, dispertsioarena edo sakabanatzearena moduko erabaki politiko batek eragindakoa. Jakin badakigu dispertsio edo sakabanatze politikak eragin diola familia askori gure herrian, eta oraindik indarrean dagoenez, jarraitzen duela eragiten. Horregatik, entzun eta abegi egin gura izan diogu zuen sufrimenduari".

Ordezkari politikoak eta presoen senideak, ekitaldia amaitu eta gutxira. 

Behin hori esanda, Udaleko alderdi guztiak dispertsioarekin "ados ez daudela" adierazi du: "Udal honek adostasunez adierazten du ez dagoela ados urruntzearen espetxe politikarekin. Ildo horretan, garai berri honetan, ireki dena ETAk jarduerari behin betiko utzi dionetik, udal honek beharrezkotzat jotzen du espetxe politika berri bat, zeinetan kartzela zigorrak ez baitira bete behar presoen gizartetik eta familiatik urrun, eta politika horrek erraztu behar du senideekiko harremana, eta erantzun behar dio haien seme-alaba adingabeen ongizateari eta egin behar du haien eskubidearen alde gurasoekin egoteko.

Adierazpen instituzionala irakurri ostean Ramon Arkauzek hartu du hitza, Etxerateko kide eta Josu Arkauz presoaren anaia denak. "Ez dut inor seinalatu nahi, baina esan beharra dago urruntze politika bere garaian PSOE eta EAJ alderdiek babestutako erabakia izan zela. Baina denbora pasa da, gauzak aldatu egin dira, eta eskertzen dizuet guztioi gaur hemen egotea". Dispertsioaren eraginez, errepideetan izandako istripuetan hamasei lagun hil direla gogoratu du, eta gogoan izan ditu ere honen ondorioak zuzen-zuzenean pairatu izan dituzten "haur motxiladunak" ere. Bere anaia Josu 2015etik libre egon beharko lukeela esan du, eta momentu honetan Murtzian dagoela gogoratu ere, "Arrasatetik 800 kilometro baino gehiagora". 

Ostean, egoera honek amaitu beharra daukala adierazi du GOIENAko mikrofonoen aurrean: Nik uste dut, 2018. urtean, egoera honekin amaitu beharra dagoela. Azken finean, kontuan eduki pertsona bat 800 kilometro baino gehiagora urrunduta daukatela, oso guraso nagusiekin, ezin bisitatu, ezin ikusi, ... aita hil zenean ezin izan zuen bizirik ikusi, eta amak orain 93 urte ditu. Nik uste dut gizatasun pixka batekin jokatu behar dela, presoak izan, onak izan edo txarrak izan". 

Eskaria amaieran

Herritar batek hitza hartu du ekitaldi amaieran, Udaletxeko balkoian presoak Euskal Herrira ekartzea eskatzen duen bandera jartzea eskatzeko. Alkateak erantzun dio, esanez, Bizikidetzaren eta Memoriaren Mahaian gauzak adostasunez onartzen dituztenez, bertan erabakiko dutela jarri edo ez.

Hori esan ostean, ostegunean egingo den Memoria partekatu baterantz txostenaren aurkezpenera gonbidatu ditu osoko bilkura aretora hurbildu diren herritarrak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak