Ez dago dudarik, arrasatearrendako, urteko jai kutunenetakoak dira santamasak. Garai bateko festak oroitu nahian, urteko azoka jendetsuena ekintzaz inguratzen da. Egun horretarako espresuki gordetako baserritar trajea soinean jantzi eta tradizioari eutsi nahian, txorizo edo hirugihar taloa jan eta sagardoa edanez, Seber Altube, Biteri eta Jose Maria Arizmendiarrieta plazetan egoten diren animalia eta barazki postuak bisitatu eta Herriko Plazan euskal dantzekin disfrutatzea da ohikoena.
Tradizioari eustea, baina, ez dago kontrajarrita jaiari berritasunak sartzearekin, eta horretan saiatzen da urtero Santamas Komisiñua.
Tradizio zaharrak, ikasgai berri
Santamasak ezin dira ulertu azoka barik, herri-kirol erakustaldi barik edo dantza saiorik barik. Ekintza horiek tradizio bihurtu dira, baina euskal kulturaren parte den ohitura ez desagertzeko ere lan egin behar da. Horregatik, 1978a ezkero antolatzen du Santamas Komisiñuak artisauen azoka, artisauek nola lan egiten duten ikusi ahal izateko. Aurten, beste pauso bat eman nahi izan da, eta, norberak lan horiek etxean egiten ikas dezan, artisautzarekin lotutako bi tailer antolatu zituzten pasa den zapatuan, hilak 15, Kulturaten. Batetik, txotxongilo tailerra, eta, bestetik, familian egiteko xaboi eta ponpa tailerra.
Hori izan da aurtengo berritasunetako bat, baina aipatzekoa da baita ere Deabru Beltzak antzerki taldearen Leus tambours de feu emanaldia. Abenduaren 21ean eskainiko dute suzko kale antzerkia, 21:00etan, Herriko Plazatik abiatuta. Aurten, berriz ere bueltatuko da herri bazkaria Musakolako kiroldegira, baina, jendea animatu eta nagikeriari aurre egiteko, doako autobus zerbitzua jarri dute, bai bazkarira joateko, eta baita bertatik herriraino itzultzeko ere.
Eta euskal tradizioaren oinarrietako bat pertsonaia mitologikoak direla ezin ahaztu. Olentzero, Txoronpio eta Txoronpia urteroko bisitariak dira Arrasateko kaleetan. Aurten, laguntzaile berezi bat edukiko dute: Sorgina. Sendabelarretan aditua, osasun erremedioen jakintsu eta basoa ondo ezagutzen duen emakumeak Olentzeroren gutun banaketan lagunduko zuen pasa den zapatuan, eta 24an, hegaz etorriko da Arrasateraino Txoronpiari eta Txoronpiori laguntzeko.
'Kixki', Galartzatik
Eta ezin festako protagonista nagusia ahaztu. Kixki Aretxabaletako Galartza auzotik etorriko da. Basurde itxura du, eta, 250 kilora iristen ez bada ere, bere luzera aipagarria da. Hilaren 21era arte egongo da bere txokoan, orduan aurkeztuko baitute Herriko Plazan, 19:00etan.