Abenduko osoko bilkura Jose Miguel Salaberriren kargu hartzearekin hasi da. EH Bilduko zinegotzi berriak Amaia Larrañagak utzitako eserlekua hartuko du maiatzera bitartean.
Hainbat puntu interbentziorik gabe onartu ostean, 2019ko Udal aurrekontuen onarpenari ekin diote. Udal gobernuaren aldeko botoekin onartu dituzte, eta oposizioko hiru alderdiek aurka botatu dute. Hala, agintaldiko azken aurrekontua 35.225.000 euro ingurukoa izango da –horietatik 1.777.362 euro Iturbide egoitzaren kudeaketarako dira– iazkoa baino %3,5 handiagoa. Igoera hori Gipuzkoako Aldundiko Foru Fondoaren aurreikuspenak eragin du.
Aurrekontuak baloratzen lehena EAJko Udal taldeko bozeramaile Anuska Ezkurra izan da, eta hiru adjektibo jarri dizkio onartzetik gertu zeuden aurrekontuei; "zuhurrak, errealistak eta eraikitzaileak". Besteak beste, honako aspektuak nabarmendu ditu: Juan Arzamendi %100ean eta Kulturola %70ean finantzatuta geratuko direla, Erguineko igogailua egiteko prozesuak 100.000 euro izango dituela, eta zero zor egoera lortuko duela Arrasateko Udalak. Azken horrekin lotuta, esan du horrek egoera pribilegiatuan utziko duela Udala etorkizuneko inbertsio estrategikoak egiteko. eta argi utzi du hurrengo agintaldiko EAJren proiektu izarra Kiroldegia berritzea izango dela.
Baleikeko Igor Urizar izan da hitza hartzen hurrengoa. Esan du, "adierazgarria" dela Ezkurrak egindako hitzaldian enplegua, ingurumena edo gizarte zerbitzuak hitzak ez direla entzun. Gizarte feministago bat lortzeko partidak falta direla esan du, euren ustez Berdintasun Sailera aurrekontuaren %1,2 bideratzea ez delako nahikoa. Osotasunera emendakina aurkeztu dute, baina ez da onartua izan.
Jarraian EH Bilduko Eneko Barberenaren txanda heldu da. Agintaldiko honetako aurreko hiru urteetan 100 emendakin aurkeztu ostean, eta horiei gobernuak emandako erantzuna ikusita, aurten emendakinik ez aurkeztearen alde egin dutela azaldu du. Aurrekontua Juan Arzamendik eta Kulturola "baldintzatuta" dagoela esan du, eta faltan bota ditu auzoak, komertzioa, hezkuntza edo Emakume Txokoa bezalako gaiak ez indartzea. "Aurrera egiteko eta herritarren ilusioa pizteko elkarlanerako prest" jarraitzen dutela esan du, eta zentzu horretan argi adierazi du EH Bilduk Kiroldegia berritzea duela jomugan datorren agintaldirako.
PSE-EEko Oscar Garciak oposizioko kideei erantzuteko baliatu du interbentzioa. Besteak beste, Baleikeko Igor Urizarri erantzun dio normala dela OZMA eta Hirigintza Sailek aurrekontuaren %40 hartzea, udal langile gehien dituzten Sailak direlako.
Irabaziko Juan Luis Merinok osotasunera zuzenketa aurkeztu du. Haren ustez, langabezia, auzoak eta ingurumena bezalako gaiak ez dira kontuan hartzen, eta "adar jotze" hitzekin definitu du aurrekontu parte hartzaileetara aurrekontu osoaren %0,75a bideratzea.
Baleikeren eta Irabaziren mozioa
Eguneko azken puntuan, Berdintasun batzordeburu den Ander Garayren kargu uztea eskatu dute bi alderdiek mozio bidez. Aurreko osokoan emandako argudioei, eraso matxisten aurkako Udal plana berritu ez izana gehitu diote gaurkoan, baina EAJren eta PSE-EEren aurkako botoek bertan behera utzi dute mozioa –oposizioko hiru alderdiek alde botatu dute–.