Begirada artistikoa Arrasateko esperientzia kooperatiboari

Txomin Madina Milikua 2018ko aza. 29a, 15:59

Mondragon Taldeko ordezkariak eta hainbat diziplina artistikotako sortzaileak batu dira gaur Arrasaten Humanity at Music-Sinfonia Kooperatiboa proiektuaren aurkezpenerako. Proiektuak begirada artistiko eta berritzaile bat proposatzen du Arrasateko esperientzia kooperatiboari buruz, eta liburu bat eta soinu banda bat dira emaitza.

Jon Sarasua izan da Mondragon korporazioaren soinu bandaren letren egilea, eta, hasiera batean proposamenak ezustean harrapatu bazuen ere, interes handiz heldu zion berehala: "Kooperatibagintzan horrelako zerbait egiten den lehen aldia da, beharrezkoa zen dimentsio sinboliko eta artistiko batzuk lantzea". Gaineratu du "nahiko konplexua" izan dela horrelako egitasmo bati letra jartzea: "Sinpletasunaren eta sakontasunaren arteko konbinazioa bilatzeko borroka izan da".
 
Bitxikeria moduan, aipatzekoa da, lehenik, Jon Sarasuak letrak sortu dituela eta, ondoren, Fernando Velazquezek horiei melodia jarri diela, eta ez alderantziz, ohikoena izaten den moduan. "Velazquezek esan zidan, lehenengo, pelikula ikusi, sentitu eta usaindu egin behar duela, doinua jarri ahal izateko ondoren", argitu du Sarasuak.
 
Bestalde, Sarasuak azpimarratu du feeling-a eta elkar ulertzea izan dela letragilearen eta konpositorearen artean, eta etengabe harremanetan egon direla: "Esan daiteke guztia biona dela, berak letretan eragin du eta nik ere bai musikan".
 

Bihotzera doan soinu banda

Fernando Velazquez konpositore bizkaitarra ere "oso pozik" azaldu da egindako lanarekin eta "oso esperientzia ederra" izan dela esan du: "Historia ezezagun baina polit eta ezberdin bat kontatu dugu, azalpen poetiko artistiko baten bitartez, baina, aldi berean, guztiek ulertu, disfrutatu eta erraz abesteko moduko lana da, belarritik bihotzera iristen den soinu banda".
 
Konpositoreak gaineratu du Sarasuak egindako letrak "zoragarriak" eta erritmo handikoak direla eta "plazera" izan dela letra horiei doinua jartzea. Aurreratu du instrumentuei dagokienez abesti bakoitza ezberdina dela: "Abesti gehienek Euskadiko Orkestraren kolaborazioa dute, baina badira batzuk bateriaren edo gitarraren doinuekin ere".
 

Argazki zaharrak eta egungoak

Maite Mutuberria ilustratzaile nafarra izan da egitasmoko liburuaren diseinatzailea eta marrazkien egilea, eta "erronka handia eta ezberdina" baina polita izan dela azaldu du: "Harridurarekin, baina pozez hartu nuen proposamena; hainbeste artistarekin elkarlanean aritzea oso aberasgarria izan da".
 
Ilustratzaileak argitu du Mondragon korporazioko jendeari omenaldi bat egin nahi izandiola eta argazki zaharrak eta egungoak lotzen dituen collage bat egin duela. "Forma geometrikoak ere sartu ditut, konstruktibismo errusiar estilokoak, erritmoa irudikatu eta mundu fantastiko batera eramaten baitute". Amaitzeko, Mondragon korporazioaren txikitasuna eta aldi berean handitasuna munduarekin lotzen ahalegindu naiz", gaineratu du Mutuberriak.
 
Emakumeen presentzia handia da ilustrazioetan, eta autoreak adierazi du Mondragon korporazioaren historian emakumeek garrantzi handia izan dutela eta hori plasmatu nahi izan duela.
 

8 kapitulu, 8 bertsolari

Proiektu musikalaz gain, liburu bat ere badu Humanity at music egitasmoak, eta, liburu horretan, abestien letrak, ilustrazioak, bertsoak eta idazleen testuak daude. Bertsoei dagokienez, bertsolari bakoitzak liburuko kapitulu bati ezarri dio bertsoa. "Nazioartekotzeari bertso bat jartzea tokatu zait niri eta oso erosoa izan da lan hau egitea, sortzaile bezala inongo oztoporik gabe, atera zaiguna esateko askatasun osoa izan baitugu. Gainera, gertuko jende asko daukat kooperatiban lanean: gurasoak, lagunak, bezeroak, eta abar. Beraz, hasieratik ilusioz hartutako proiektua izan da", dio Xabi Igoa bertsolari aramaioarrak.
 
Proiektuan parte hartu duen beste bertsolarietako bat Julio Soto izan da, eta gonbidapena pozik jaso zuela azaldu du: "Bertsolari bezala lan ezberdin bat egiteak beti motibatzen du; gainera, Mondragon korporazioak lan hau bertsolariekin konpartitu nahi izatea pozgarria da. Proiektuan lanean hasi baino lehen, bisita gidatua egin ziguten Oñatira, eta bertako enpresa bisitatu genuen; egia esan, asko ikasi dugu bertsolariok kooperazioaz". Sotori finantzen gaia egokitu zaio, eta aitortu du, hasiera batean, "buruhauste asko" sortu zizkiola horrek, baina hausnarketa handiak egin ondoren gustura geratu dela emaitzarekin eta "esperientzia aberasgarria" izan dela.
 
Amets eta Maialen Arzallusek, Onintza Enbeitak, Andoni Egañak, Jone Uriak eta Oihana Igoaranek ere parte hartu dute Humanity at music egitasmoan.
 

Kukai dantza taldea

2019ko irailaren 14an Gasteizko Buesa Arenan eskainiko duten musika eta dantza ikuskizun "erraldoian", Kukai dantza taldeak paper garrantzitsua izango du, Velazquezen doinuei mugimendua ezarriko baitie. "Oso pozik hartu genuen berria, enpresa eta sorkuntza munduek harremanak estutzea oso positiboa baita, sorkuntzarentzat lan esparru berria izan daiteke eta enpresa munduak, berriz, balio pila bat hartu ditzake sorkuntzatik, aliantza polita izan daiteke", dio Jon Mayak, Kukai dantza taldeko zuzendariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak