Gaineratu dute dispertsioaren politikak eragindako oinazeari erantzuteko "proposamen zehatz" baten berri emango dutela urte amaierarako, eta 2019an torturaren gaiari heltzeko konpromisoa ere hartu dute. "Uste dugu balioan jartzeko modukoa dela etorkizuneko bizikidetzaren eta memoriaren alde guztiok egin dugun lana", adierazi du Maria Ubarretxena alkateak agerraldiaren amaieran. Izan ere, EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko, Baleikeko eta Irabaziko ordezkariek hartu dute parte agerraldi bateratuan eta ordezkari bakoitzak zati bana irakurri du.
Bizikidetzan aurrera egiteko dokumentu bateratua
2016an Arrasateko Udalak memoriaren eta bizikidetzaren mahaia martxan jarri zuenetik, aurrera pausoak ematen ibili dira arlo honetan. Sukalde lan handi baten ondoren, aurrenekoz, udalbatza osatzen duten talde politiko guztiek, Isaias Carrascoren omenaldian parte hartuko dutela adierazi dute gaur, azaroak 8, udaletxeko osoko bilkuren aretoan egindako agerraldi bateratuan. Bizikidetzaren ibilbidean aurrera egin ahal izateko dokumentu bateratu bat ere plazaratu dute. Idatzi horretan, Arrasaterekin lotura duten biktimei egingo zaizkien errekonozimenduak antolatzerako orduan erabiliko diren irizpideak azaltzen dituzte, besteak beste. Mahaiak hitzartutako irizpide hauek lau oinarri izango dituzte: elkarlana, bai talde politiko guztien artekoa eta baita biktima eta hauen familiekin, hauek behar duten laguntza asetzeko; adostasuna; diskriminazio eza; eta sufrimenduak ez parekatzea.
Egiaren bila erakundeetatik
Idatzi honek ere aipatzen du egiaren bila erakundetik eman beharreko bultzada bat badagoela, bai behar bezala itxi gabe dauden kasuak ikertzerako orduan eta baita argitzeke dauden beste hainbat kasutan ere. "Kasu hauek maiz, bertsio ofizial bat badaukate, baina baita bertsio ofizial horiek zalantzan jarriko lituzketen elementu nahikoak ere" adierazten du. Bizikidetzan aurrera egin nahi da eta emango den lehen pausoa Isaias Carrascori egingo zaion aitortza izango da. Aurrez, errekonozimendu hau azaroaren 10ean egingo zela zabaldu zen eta gerora gezurtatu. Azkenean, azaroaren 24an egingo da omenaldia. Carrascorenaren ondoren Iñaki Etxaberi eta German Agirreri egingo zaien aitortza etorriko da. Bestalde, dispertsio politikak sortu duen sufrimendua aintzat hartzeko, urte amaiera baino lehen ezagutzera emango den proposamen konkretu bat lantzen ari dira. Eta 2019an tortura izango da memoriaren eta bizikidetzaren mahaia.