Igor Urizar: "Baleikeko primarioetara aurkeztea erabaki dut"

Xabi Gorostidi 2018ko urr. 31a, 10:04

Agintaldi hau lehen esperientzia politikoa izaten da ari da –berarentzat, eta baita bere alderdi politikoarentzat–, eta pozik dago Baleike taldeak egin dituen lorpenekin. Aste honetan Goiena Telebistako Harira saioan izan da. 

Agintaldiaren hirugarren urtean gaude. Zer-nolako balorazioa egiten du Baleikek?

Gure militanteen artean badaude politikan edo arlo sindikalean esperientzia dutenak, baina egia da gehienok berriak garela mundu honetan. Hiru urte hauetan, fase ezberdinak bizi izan ditugu. Instituzio publiko batean sartzerakoan, nire ustez, positiboa da kaletik datorren jende berria izatea, batez ere, instituzio barruan har ditzakezun bizio batzuk saiheste aldera. Baina esperientzia faltak ere inozentzia ematen dizu, eta, adibidez, ikasi dugu instituzio barruan bide asko oso itxiak direla, eta horrek frustrazioa eta nekea eragiten du. Baina temati jardun dugu, eta Arrasaterentzako lorpenak ere eskuratu ditugula uste dut.

Horietako bat izan daiteke aurrekontu parte hartzaileena?

Gure hasierako proposamenak handinahi gehiago zuen; bai parte hartze arloan, eta baita ekonomikoan ere. Baina lehen harria jartzea lortu dugu, eta lehen aurrekontu parte hartzaileak lortu ditugu arrasatearrentzat. 350 proposamen inguru jaso dira, jendeak ondo erantzun du, eta onartutako proiektuak interes orokorrekoak dira.

Babesa lortu duen zuen beste proposamen bat parekidetasunarekin lotuta dago. Hain zuzen, Udaleko osoko bilkurako ikurrenarekin...

Laugarren gizonezko baten erretratua jartzeko proposamena jaso genuen duela gutxi, eta aukera bat ikusi genuen ikurren parekidetasunaren gaia mahai gainean jartzeko. Gainontzeko alderdiekin harremanetan jarri ginen, eta poztu egin ginen, gauzak aldatzeko borondatea ikusi genuelako. Babes zabala jaso zuen azken osoko bilkuran, eta, gainera, ekintza eremua herri osora zabaldu zen. Beharra badago, herrian hiru kalek dutelako emakume baten izena, eta horietatik bi santuak dira.

Nola baloratzen duzu EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuaren lana?

Gure ustez, oso gobernu propagandistikoa izan da, estetika lehenetsi duelako etikaren eta politikaren gainetik. Oso garrantzitsuak diren gaiak ez dituzte ukitu ere egin, eta horren adibide da gaur egun herrian dagoen langabeziaren eta prekarietatearen arazoa. Herria desindustrializazio prozesu baten dago: Fagor Industrial, Edesa... Enplegu Sailetik programak jartzen dituzte martxan, baina duela lau urte zeuden programa berak dira. Guk bi proposamen egin ditugu: prekarietatearen bulegoa zabaltzea, horrekin lotutako salaketak errazago egiteko, eta emakumeen enplegua sustatzeko plan berezi bat, euren tasa gizonezkoena baino %5 handiagoa delako. Hala ere, Udal Gobernuak gure proposamenak blokeatu egin ditu.

Azken osoko bilkuran, agerian geratu zen oposizioaren eta Udal Gobernuaren arteko harremana ez dagoela bere onenean...

Gure aldetik, zintzoegiak izan gara Udal Gobernu honekin, eta pazientzia handiegia izan dugu. Agintaldi honetako aurrekontuen eta ordenantza fiskalen eztabaidetan, negoziatzeko borondatea azaldu digute, baina, gero, ez digute fundamentuzko ezer onartu. Eta lanketa horiek bertan behera uzteak frustrazioa eragiten du. Horregatik, argi ikusi genuen zerbait egin behar genuela, eta ordenantzak ez botatzea erabaki genuen.

Igor Urizar izango da Baleikeren hautagaia alkatetzarako?

Baleikeko primarioetara aurkeztea erabaki dut, gero, denon artean proiektua defendatuko dituztenak botatzeko.

Irabazirekin batera joango zarete?

Estatu mailan badago Ezker Anitzarekin akordio bat, eta hori errepikatzen saiatuko gara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak