15 urtez euskal kantuak eta dantzak jorratzen

Xabi Gorostidi 2018ko urr. 25a, 17:22

Portaloi Kultur Elkarteak hamabost kandelaz apaindutako pastelari putz egin berri dio. Hotel Mondragonen egin zituzten lehen urratsak, Itziar Zamoraren laguntzarekin, eta gaur egun 60 laguneko taldeak dituzte elkarteko kantu eta dantza arloetan

2003ko urrian landatu zen Portaloi Kultur Elkartea izango zenaren hazia, eguraldi txarragatik bertan behera geratu zen Nafarroa Oinez jaialdian. "Joan zen domekan bete ziren 20 urte elkartea sortzen hasi ginela. Aurreko gauean, sekulako euri jasa izan zen, eta jaialdia bertan behera geratu zen. Guk, hala ere, bertara heltzea lortu genuen. Zortzi lagun ginen, eta, euskal kantuak gogoko genituenez, zerbait egin behar genuela komentatu genuen", azaldu du elkarteko kide Salba Dalmauk.

Lehen pausoak

Zortzi lagun horietako batek bazuen euskal kantuekin lotutako ikastaro baten berri, eta haiengana jo zuten elkartearen lehen ikastaroa gidatzeko. "Gutako batek bazekien Donostiako Intxaurrondo auzoan euskal kantuei buruzko ikastaro bat zegoela. Lekeition jaio eta Donostian bizi zen Itziar Zamora zen ikastaro haren gidaria, eta, hain zuzen, gurekin hastea proposatu genionean, baiezkoa eman zigun". Hala, 2004ko martxoan lehen ikastaroa abiatu zuten, Mondragon Hotelean. "Itziar Zamorak sekulako lana egin zuen. Ez zuen autorik, eta Donostiatik Zumarragaraino trenean joaten zen. Ostean, autoz joaten nintzen haren bila Arrasatera heltzeko. Pentsa, 16:00etan irteten zen etxetik eta 22:00etan itzultzen zen. Lehen lau hilabeteak egin genituen harekin, eta, ostean, Maixa Lizarribarrekin jarraitu genuen zazpi urtez".

2008a ezkero, dantzak

Lehen kantu ikastaroa egin eta handik lau urtera hasi ziren Portaloi Kultur Elkartekoak dantza arloa jorratzen. "Hasieran, gure kabuz eman genituen eskolak, eta, ondoren, Patxi Monteroren bitartez. Gogoratzen dut AED elkarteak 25 urte bete zituen urtean, ekitaldietako batean, izan genuela lehen hartu-emana Patxirekin, eta azken hamar urteetan hark koordinatu du dantza arloa".

Euskal Herrian, lagun ugari

Hamarkada eta erdi honetan, lagun asko egin dituzte irteeren bitartez. "Urtean dozena erdi irteera egiten ditugu, baina badaude ia urtero errepikatzen ditugun bisitak: urriko lehen zapatuan Gernikara, Otxandio eta Aramaio Gabonetan...". Gaur egun zenbat lagun diren galdetuta, zera dio Dalmauk: "Bai dantzan eta baita kantuan ere, 60 lagunek osatutako taldeak dauzkagu". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak