LKS NEXT, LKS KREAN, KREAN, ISEA, ABANTAIL eta MONDRAGON Ingeniaritza eta Zerbitzuak enpresek, egoitza hau partekatzen dutenek, hain zuzen, euren laneko espazioetan artea sartzeko apustua egin dute.
Juan Ayestaren beraren ekimenez sortutako proiektua izan da, eta bere hitzetan, enpresa hauen baloreak islatzen dituen obra da inauguratu berri dutena. "Enpresa hauen baloreen gainean lan egin dugu: dinamismoa, abangoardia, partekatzea, inguruarekiko integrazioa eta abar", azaldu du.
Proiektu artistiko garaitzaile, berezi eta integratzailea da, eraikinean lan egiten duten pertsonen sormen eta sentikortasun estetikoa sustatzen duena.
Sortutako lana, orokorrean, izaera eskultorikoa duen konposizio bat da, baina sustrai piktoriko sendoak ditu azaleran.
Konposizio orokorra diagonaletan oinarritzen da, eta ezkerretik eskuinera eta goitik behera moldatzen da eskultura multzo guztian zehar. "Norabide bikoitzeko espazioa da, bai hemen lan egiten dutenei eta bisitan datozenei harrera egiteko, eta baita hauek agurtzeko ere. Espazio hau aztertzen ari nintzenean, ikusten nuen joan-etorri handiko lekua dela, eskuinetik zein ezkerretik mugitzen zela jendea. Hori dela eta, obra aldakorra izan behar zela pentsatu nuen, ikuspegiari dagokionez".
Lanaren egokitzapenaren funtsezko alderdi bat argi eta itzalaren jokoa da. Argiarekin egunaren une bakoitzean lanaren pertzepzioa aldatzen da. Etorkizunean denborarekin sortuko den patinak obraren azala aldatuko du, mutazio sinbiosiko iraunkorra sortuz, eguraldi eta mikroorganismoen eraginagatik.
Ondorioz, lan bizia da Fhormak, "izugarri" dinamikoa eta egun osoan zehar eta urtaro desberdinetan itxuraz aldatzen dena. "Denboran irauteko obra da. Eguraldiaren eta baldintza klimatologikoen ondorioz, aldatu egingo da, eta nik uste dut, aldaketa hobera izango dela, gainera. Argia oso garrantzitsua da. Argi zuzena dauka, zeharkakoa, islatutakoa…. Bizirik dagoen obra da, eta testura guztiak aldatuz doaz argiaren arabera".
Izenari dagokionez, Formak eta hormak hitzen arteko hitz-jokoa da, eta Iñigo Zabalak jarri dio, LKS KREAN enpresako komunikazio arduradunak.
Maria Ubarretxena alkatea ere izan da eskulturaren ekitaldian, eta berak kendu dio estalkia plakari, eskultura inauguratuta gera zedin.