HEMEN DEBAGOIENA

Kooperatiba eredua hauspotuz eta partekatuz

Eneko Azurmendi 2018ko urr. 4a, 17:12

Arrasatek presentzia nabarmena izan du bukatu berri den Gizarte Ekonomiaren Munduko Foroan; mundu osotik etorritako hainbat ordezkarik hemengo eredu kooperatiboa gertutik ezagutzeko aukera izan dute; Goiena bisitatzen ere izan dira.

Gizarte Ekonomiaren Munduko Foroaren laugarren edizioa Bilbon egin dute asteon (Global Social Economy Forum, GSEF).

GSEF nazioarteko sarea da, eta gizarte ekonomiaren eta eredu kooperatiboaren garapena babesten duten tokiko gobernuak eta gizarte zibileko interestaldeak elkartzen dira sare horretan. Helburuari dagokionez, mugaz haraindiko elkarlanaren eta lankidetzaren bidez ikuspuntuak nahiz esperientziak partekatzeko gunea izatea gura du foroak.

Jardunaldi hauek jasotzearekin batera, "garapen jasangarrirantz aurrera egiteko administrazio publikoen egitekoaren eta gizarte ekonomiaren etorkizunaren gaineko eztabaidarako munduko hiriburu" bihurtu da Bilbo egun hauetan, antolatzaileen esanetan.

Foro hau Bilbon egitearen arrazoi nagusienetako bat, ordea, Arrasaterekiko gertutasuna da. Izan ere, "Bilbok ekonomia sozialean ez du horrenbesteko esperientziarik, eta Arrasate erreferentzia da mundu mailan", Mikel Lezamizen esanetan. Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko idazkaria da Lezamiz, eta gizarte ekonomian aditua. "Bartzelonarekin eta Parisekin lehiatu ostean, Bilbo hautatu zuten foroa jasotzeko", dio.

Hori dela eta, kongresuko 300 partaide inguru Arrasatera etorri dira eguaztenean eta eguenean, hemengo gizarte ekonomia eredua ezagutzeko –1.000 pertsona inguru batu dira, guztira, foroan–. "Munduari hemen dagoen garapen sozioekonomikoa erakusteko aukera bikaina izan da", adierazi du Lezamizek.

Ander Etxeberriak, Mondragon Taldeko hedapen kooperatiboko arduradunak, adierazi du Mondragon esperientziak betidanik eduki duela oihartzuna nazioartean. "Jendeak beti gura izan du esperientzia hau gertutik ezagutu. Azalpenak emateaz arduratu zen lehen pertsona Arizmendiarrieta bera izan zen, eta duela bi hamarkadaz geroztik, pertsona bat daukagu kanpoan gure jarduna ezagutarazteaz arduratzen dena. Orain, nik daukat ardura hori", dio.

Lau ibilbide Arrasaten

Aipatutako 300 pertsona horiek bi taldetan banatuta etorri dira: eguazten arratsaldean talde bat eta eguen goizean beste bat, hain zuzen ere. Eta herriko hainbat enpresa eta eredu kooperatibo ezagutu aurretik, Kulturateko klaustroan prestatutako erakusketan egin die harrera Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak. Erakusketa horretan, besteak beste, Arizmendiarrietaren historia, Arrasatek duen esperientzia kooperatiboa, Mondragon Taldea, Mondragon Unibertsitatea, Goiena Komunikazio Taldea eta ekonomia solidarioko beste elkarte batzuk ezagutzeko aukera izan dute –Caritas, Emaus, Gureak, eta abar–, panelen bitartez. Erakusketaren ostean, lehen eskutik ezagutu dituzte horietako hainbat gune, bisiten bidez. Azken hauek lau multzotan banatu dituzte antolatzaileek: ekonomia solidarioa; herria eta balioak; industria eta hezkuntza. Hala, partaideen interesaren arabera, bisita bat edo beste egiteko aukera izan dute. Lehenengo taldekoek Emaus Taldea, Gureak eta Caritas bisitatu dituzte, ekonomia solidarioan oinarritutako enpresa edota erakunde gisa. Arrasate eta haren balioak ezagutu gura izan dutenak herriko erdigunean ibili dira – Olarte, Zarugalde, Zurgin kantoia, San Juan Bataiatzailea parrokia eta J.M. Arizmendiarrietaren hilobia–, eta Goiena Komunikazio Taldearen egoitzara ere egin dute bisita. Hirugarren taldea industria arloan zentratu da, eta hauek Fagor Arrasate ezagutu dute. Azkenik, hezkuntza arloan sakondu nahi zutenek Gaztelupe-Arizmendi Ikastolara egin dute bisita, eta ondoren, Mondragon Unibertsitatera.

Goiena Komunikazio Taldea

Bisita horien guztien artean, esan moduan, Goiena Komunikazio Taldearen egoitza ere bisitatu dute munduko hainbat ordezkarik. Izan ere, foro honekin bat egin du enpresa honek, eta hemengo jarduna ezagutarazi gura izan du kanpora begira. "Nahiz eta Mondragon Taldearen barruan ez egon, Mondragon esperientziarekin bat egiten du Goienak hasieratik, idealekin eta ereduarekin bat egiten dugulako. Mondragon esperientziak hainbat gauza eman dizkigu; tartean, kooperatibismoak berak ematen dituenak", azaldu du Iban Arantzabalek, Goiena Komunikazio Taldeko zuzendariak.

Kooperatiba berezi bat da, Arantzabalen esanetan: "Publikotik eta pribatutik dauka. Berezia da, gurean erdigunean dagoena, benetako bezeroa, hizkuntza komunitatea da, eta ez gaude erakunde ekonomiko baten menpe. Horrek guztiorrek ikusmira bat eta jakiteko gogo bat sortzen du. Iruditu zait etorri diren bisitariek eredu moduan hartu gaituztela, eta harritzekoa da munduko edozein txokotatik gurera etorri izana. Hori, guretzako, ona da, mapan kokatzen gaituelako".

Bisitariak erakarri dituen beste puntu bat izan da komunikazio arloan finkatutako kooperatiba ereduarena. "Ez zaie erraza egin ulertzeko komunikabide bat kooperatiba izatea. Mundu mailan ohituta gaude ikustera oso jende gutxiren menpeko hedabideak eta hori gero nabaritu egiten da editorialetan eta gainontzekoetan. Guretako zama handia da editorialki orekatua izatea, baina kooperatibak horretan ere laguntzen du, ez gaudelako gainontzeko eragin ekonomiko edo alderdikoien azpian. Eredu hori gustatu egin dela esango nuke", azpimarratu du zuzendariak.

Bisitariak, gustura

Arrasate bisitatzeko aukera izan duten 300 lagunetatik 55 lagun inguruk bisitatu dute Goienaren egoitza, eta, oro har, harridura nagusitu da haien erreakzioetan. Izan ere, gauza "berria" izan da haientzat. "Ikusgarria da Goiena. Ekonomia soziala eta solidarioa edozein sektoretan aplikatu daitekeela erakusten duzue", azaldu du batek.

Beste batek dio garrantzitsuak direla horrelako proiektuak hizkuntzarentzat eta kulturarentzat. "Egun hauetan asko ikasi dugu mundu osoko proiektu ezberdinak ezagutuz, eta gehien azpimarratuko nukeenetako bat zuen proiektua da". "Zuen egoitzara etortzeak aukera eman dit daukazuen esperientzia kooperatibo zoragarri hau deskubritzeko. Oso urte gutxian egonkortu den proiektua daukazue", azpimarratu gura izan du beste batek.

 

 

Maria Ubarretxena: "Pozik gaude foroak eman duenarekin"

Jardunaldien balorazio positiboa egin du alkateak, eta pozik azaldu da.

Zer moduz joan da foroa?

Hemen gauzak egiteko modu desberdin bat dugu, eta garrantzitsua da. Ekonomia egiteko beste modu batzuk existitzen dira eta baliagarriak dira. Hori ikusteko eta erakusteko oso aproposa izan da foro hau, eta mapan kokatzeko ere balio izan digu. Oso gustura gaude.

Arrasatek badu zeresana arlo honetan, ezta?

Noski. Arrasatek presentzia bat izango zuela bermatu nahi izan zuten antolatzaileek, zentzua ere ematen ziolako foroari, eta gu oso pozik gaude, jardunaldien ostean bisita batzuk bertara ekartzea lortu dugulako. Nazioarteko harreman batzuk egiteko aukera izan dugu, eta etorkizunari begira garrantzitsua da hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak