Uztailaren 31 ezkero, Arrasateko Udalak etxez etxeko zerbitzua eskaintzeko indarrean zuen kontratua agortuta dago, eta momentu honetan kontraturik gabe ari da zerbitzua eskaintzen. Langileek hiru hilabete daramatzate greban, eta Debagoieneko eta Debabarreneko zenbait talde feministak elkartasuna adierazi nahi izan diete, adierazpen bat kaleratuz: Arrasateko EMMko plataformak, Pottogorriak, NALUA Eibarko talde feministak, Soraluzeko Korner Morea, Oñatiko Andraitz talde feministak, Deba Eskualdeko Koordinadora Feministak, Oñatiko Pototak, Antzuolako Andramanuelak, Oñatiko Sare feminista, Aretxabaletako talde feminista eta Bergarako Martxanterak dira adierazpenarekin bat egin duten taldeak.
Adierazpenean diote herriko hainbat eta hainbat gunetan ikusi dituztela "eztarriak hausten, beraien lana balioan jartzeko aldarriaz, berezko dituzten eskumenak ozen oihukatuz".
Era berean, azaldu dute Martxoaren 8ko testuinguruan Arrasateko Udaleko arduradunek "bere" egiten zituzten aldarrikapenak ez dituztela, egun, etxean, gertu, kasu praktikoetan dituzten adibideetan beraien kargu hartu nahi. "2018ko Martxoaren 8a ez zen beste egun soil bat izan, errotiko eraldaketaren hasiera baizik, jendarte eraldaketa behar-beharrezkoaren erakusleihoa, alegia. Eta eremuz eremu gauzatu dadin borrokan jarraituko dugu, baita borrokan daudenak babestuz ere. Beraz, memoria egin dezagun eta babes ditzagun, geure presentziaz, egungo sistema patriarkalak ikusezinak bihurtu dituen baina guztion ongizaterako behar-beharrezkoak diren zaintza lanak eta horietara dedikatzen diren profesionalak. Horien egungo egoeraren eta eskubidezko eskaeren hobekuntzak geure biharko zaintza beharren onura baitakar inplizituki".
Sinadura bilketa eta manifestazioa
Langileek, berriz, sinadura bilketa abiatu dute, Udalari exijitzeko euren aldarrikapenak jasoko dituen hitzarmen bat lortzeko urratsak egin ditzala. Urriaren 3an manifestazio bat ere egingo dute, 19:30ean, udaletxetik abiatuta.
Bihar, egubakoitza, elkarretaratzea egingo dute udaletxe aurrean.