Atzo eta gaur Arrasateko kaleak hartu dituen Merkemerkauak emandakoarekin gustura agertu dira Ibai Arteko dendariak: eguraldia lagun, herritarrek produktua ikusteaz gain erosi ere egin dutela azpimarratu dute. "Jende asko ibili da, batez ere atzo arratsaldean eta gaur goizean" adierazi du Ibai Arteko kide Bea Etxabek egunotan egin duten Merkemerkauaren balorazioa egiteko orduan. Ekimena bi egunetan burutzeko iaz hartutako erabakia ideia ona izan zela ziurtatu ahal izan dute aurten, eta merkatariek gaineratu dute baita ere herriko musikarien emanaldiek giro polita jarri dutela herrian.