Dendariendako eta bezeroendako, biendako onuragarri

Txomin Madina Milikua 2018ko ira. 7a, 21:27

Bezeroak azokako produktuei begira.

Egun mugitua izan da gaur Aretxabaletan, mojen komentua izandakoan, bertan egin dute eta dagoeneko hamazazpigarrena izan den Ixadebalde merkealdien azoka. Aretxarteko sei merkatarik jarri dute bertan postua, eta gustura agertu dira egunean zehar herritarrek emandako erantzunarekin. Bihar goizean ere jarraituko du azokak.

Batez ere udaberri eta uda denboraldian saldu gabe geratu den generoari irteera emateko, eta herritarrei Aretxabaletako komertzioek dituzten produktuak erakusteko. Oraingo honetan parte hartu duten Aretxarteko merkatarien esanetan, bietarako balio du Ixadebalde merkealdien azokak, eta beste behin helburuak bete ditu. "Jendea animatu da eta hurreratu da azokara, batez ere arratsaldean. Eta Arrasateko Merkemerkauarekin kointziditu arren, gaur herritarrek erantzun dute", adierazi du Kilima dendako Meri Serratok. 

Handiendako zein txikiendako oinetakoak, berokiak, kamisetak, barruko arropa... jantziak izan dira oraingo honetan protagonistak, eta UDAkoek ere jarri dute beraien postua. "Lekua argi aldetik akaso eskas samarra da, baina eguraldi txarra egiteko arriskua badago, leku ona da. gainera, ispiluak jartzeko eta arropak probatzeko aukera ematen du", azaldu du Serratok.

Nuria Arroiabe izan da gaur mojen komentua izandakoan egin duten merkealdien azokara hurreratu denetako bat, eta ez da esku hutsik irten: "Aukera dudanean egiten dut osteratxoa, eta gaur opari bat erosteko aprobetxatu dut". Lekua ere aproposa iruditu zaio: "Oso polita da, goxoa".

Bihar, gehiago

Bihar goizean izango du hamazazpigarren Ixadebaldek azken txanpa; 10:00etatik 14:30era zabalduko dute-eta. bezeroen artean, 100 euroko bonua eta UDAko bi bazkidetza txartel zozketatuko dituzte.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak