goiena.eus

Udal Gobernuko ordezkarien, enpresakoen eta etxez etxeko langileen arteko bilerak eman ditu fruituak

  Gizartea  Arrasate ALBISTEAK

Laugarren greba astea dute oraingoa Arrasateko etxez-etxeko langileek eta, oraingoz, akordiorik ez dagoen arren, badira berritasunak. Martitzenean egindako osoko bilkuran, aho batez onartu zuten ELA sindikatuaren bitartez aurkeztutako mozioa eta bi konpromiso hartu zituen Udalak: langileen lan baldintzak bermatuta gelditu bitartean pleguen publikazio prozesua geldiarazteko, batetik; eta arazoari konponbidea emateko beharrezkoak diren mekanismoak martxan jartzeko, bestetik.

Horrez gain, beste hiru konpromiso ere hartu zituen: erabiltzaileei ordaintzen duten tasa jaistea, zerbitzuaren eskaera handitzeko; zerbitzuaren lizitazio prezioa %35 igotzea, eragin positiboa izan dezan langileen ordainsarietan; eta zerbitzu berriaren esleipena gizarte ekonomiako enpresei mugatzea.

Hiru aldeko batzarra

Atzo, osoko bilkuraren egunaren biharamunean, hiru aldeko batzarra egin zuten Udal Gobernuko ordezkariek, enpresakoek eta langileek. Hiru aldeak batzen ziren lehen aldia zen eta eman zituzten aurrerapausoak.

Bajen gaia puntu garrantzitsua zen langileentzat eta enpresak ontzat eman zuen euren eskaera. Alegia, lehen egunetik %75 ordaintzea, aldi berean baja hartzen duten langileen kopurua edozein dela ere. Udalak, bere aldetik, lanorduak modu orekatuan banatzeko baldintza pleguetan sartzeko konpromisoa hartu zuen. Puntu horiek argituta, ordu publikoen eta pribatuen gaia da orain, besteak beste, konpontzeko geratzen dena.

Langileek dute azken hitza eta udal gobernuak bilera batetara deituko ditu datorren astean, atzoko bileraren nondik norakoak lehen eskutik azaltzeko. Biek egingo dute lan hitzarmena sinatzera ailegatzeko.

Uneotan, orduen %40 dago greban, eta gainontzeko %60arekin ari dira erabiltzaileen gutxieneko beharrei erantzuten, alkateak azaldutakoaren arabera. Hilaren 31n agortuko da Clece enpresarekin duten kontratua eta konponbiderik ezean zerbitzua ematen jarraitzeko bidea topatuko dutela adierazi du.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa