Bizikidetzaren aldeko mozioak markatu du uztaileko osoko bilkura

Xabi Gorostidi 2018ko uzt. 10a, 21:08

"Politikariekiko errespetua" eskatzeko, mozioa aurkeztu dute EAJk eta PSE-EEk, San Juan jaietan, presoen aldeko pankarta kentzeagatik Ibon Arruperen aurka egindako "kanpainagatik". Mozioa irakurri aurretik, Maider Morrasek eta txosna batzordeko Josu Zugastik hartu dute hitza, eta entzuleek politikarien interbentzioak eteten zituztela ikusita, 10 minutuko geldialdia eskatu behar izan du Maria Ubarretxena alkateak.

Uztaileko osoko bilkuran, hainbat gai eta mozio egon arren, eguneko 18. puntuak –20 zeuden guztira– baldintzatu du osoko bilkura.

Moziora iritsi aurretik, ordea, Kulturola eraikina zaharberritzeko exekuzio proiektua esleitzeko kontratazio prozedura onartuta geratu da. Herriko kultura taldeak batzen dituen eraikina berritzeko proiektua Jovino Martinez Sierra arkitekto enpresari esleitu zitzaion 2017ko urtarrilean, eta birgaitze lan horiek lehiaketa publikora ateratzeko 6.576.000 euroko aurrekontua –BEZ barne– onartu dute gaurkoan.

Irudia: Jovino Martinez Sierra enpresak egindako simulazioa.

Elkarbizitzaren aldeko mozioa

EAJk eta PSE-EEk aurkeztu dute mozioa San Juan jaietan Ibon Arruperen aurka egindako "kanpaina" salatzeko, baina mozioa irakurri aurretik, gaiari buruz hitz egiteko txanda izan dute Maider Morras abokatuak –herritar moduan– eta txosna batzordeko kide den Josu Zugastik. Morras, Bilduko zinegotzia izan zen aurreko agintaldian Arrasaten.

Irudia: Ibon Arrupe, hitza hartu duten herritarren interbentzioak entzuten.

Jaietan adierazpen askatasunerako eskubidea edukitzea aldarrikatuz hasi du interbentzioa Morrasek, eta ostean Ibon Arrupek izandako "jarrera" kritikatu du. Kartela kentzeko orduan "udaltzain bat bultzatu eta botila bat apurtu" zituela esan du, eta forma horiek erabili izana salatu du. "Beroaldi bat izanez gero ulertuko genuke, baina ondoren prentsan egin duzuen zuritzeak are gehiago haserretzen nau".

Irudia: Maider Morras zinegotzien aurrean hitz egiten.

Txosna batzordeko Josu Zugastik hainbat aipamen egin dizkio Arrupek Vocento taldean egindako adierazpenei, eta esan du ekainaren 25eko manifestazioa ez zela zinegotzi jeltzalearen aurkakoa izan. "Ekainaren 1ean deituta zegoen manifestazioa; presoen hurbiltzea eskatzeko. Bertan ez zen EAJKo zinegotziaren dimisioa eskatu, eta ez zen bere izena aipatu ere egin". EAJtik prentsan salatu duten pertsekuzioa gezurra dela aipatu du, eta horren adibide gisa jarri du, jaietan zehar, udal gobernuko kideak txosna gunean egon direnean ez dela ezer gertatu.

Irudia: Josu Zugastik txosna batzordearen izenean hitz egin duen unea.

Ondoren, mozioa irakurri du idazkariak, eta jarraian EAJko Anuska Ezkurrak hartu du hitza. [Mozioa bere osotasunean irakurtzeko egin klik hemen]

Herritarren ekarpenak eskertu ditu hasteko, eta gaineratu du mozio horren helburua ez dela "gatazka gehiago sortzea, politikariekiko errespetua eskatzea baizik". "Politizatu gabeko jaiak" nahi dituztela aipatu du, eta herriko politikarien aurkako "irainak eta mezuak" lekuz kanpo daudela esan du, hiru adibide aipatuz: legealdi hasieran, Maria Ubarretxena eta Oscar Garciaren irudiekin agertu ziren kartelak, EH Bilduren esku orri batean Maria Ubarretxena eta Ander Garayren karikaturak agertu izana, eta San Juan jaietan Ibon Arruperen aurpegia erabiliz honen dimisioa eskatzen zuten kartelak. Amaitzeko aipatu du, presoen argazkiek ez dutela EAJ "mintzen", eta presoen sakabanatzearen aurka daudela.

Irudia: Anuska Ezkurra Ibon Arruperen dimisioa eskatzen azaldutako irudietako batekin eskuan.

Ezkurraren interbentzioan entzun dira lehen interbentzio eteteak, baina eteteak gehiago areagotu dira Oscar Garcia sozialistak hitza hartu duenean.

Ezkurraren ostean, EH Bilduko Eneko Barberenak hartu du hitza. Jaietan mezu politikoak agertzearen alde daudela azaldu du lehenik eta behin, eta horretarako "politika" hitzari buruz Euskaltzaindiak egiten duen definizioa aipatu du. "Arruperena beroaldi hutsa balitz, ulertuko genuke, baina ostean komunikabide jakin batzuetan egin duzuen kanpaina mediatikoarekin are gehiago politizatu zenituzten jaiak. Guk, ordea, nahita atera genuen oharra behin jaiak amaituta, herriko giroa gehiago ez berotzeko".

Irudia: Eneko Barberena EH Bilduren iritzia ematen.

PSE-EEko Oscar Garciak hartu du hitza jarraian. Arrasateko PSE-EE presoen urruntzearen aurka egon dela esanez hasi du interbentzioa, eta ostean, mozioko argumentuei heldu dio. "Guk badakigu Arrasaten jazarpena jasatea zer den, eta ez dugu onartuko zinegotzi baten irudia isekarako erabiltzea. Aurka egongo gara beti, eta berdin digu irudiaren erabilpen hori nork egiten duen".

Garciaren hitzaldia hainbat aldiz eten dute entzuleetako batzuek, horietako batzuk preso ohiak ziren. Maria Ubarretxenak abisatu du, zinegotziari hitz egitea eragotziz gero, bertan behera utziko zuela osoko bilkura. Garciak hitzaldiarekin jarraitu eta gutxira, entzuleen eteteek jarraitu egin dute, eta alkateak bukatutzat jo du osokoa.

Irudia: Garciak ezin izan du bere interbentzioa amaitu, entzuleen partetik izan diren eteteengatik.

Handik gutxira esan du 10 minutuko etenaldia egingo zutela, oraindik mozio bat geratzen zelako onartzeke: etxez etxeko langileena. [Gai hau aurrerago landuko du GOIENAk].

Etenaldiaren ostean, elkarbizitzaren aldeko mozioa bozkatu dute zuzenean, ondorengo emaitzarekin: 11 boto alde –EAJ eta PSE-EE– eta 10 aurka –EH Bildu, Baleike eta Irabazi–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak