Iazko abuztuan jarri zuen martxan Arrasateko Udalak Erlojuaren erakina zaharberritzeko proiektuaren idazketa lanen zerbitzua kontratatzeko prozesua., eta lehiaketa publikora aurkeztutako lau proposamenen artean Jovino Martinez Sierra arkitekto enpresarena aukeratu du Udalak. Hala, enpresa aukeratuak proiektuaren idazketa eta zuzendaritza hartuko ditu bere gain, eta lan bakoitzerako 90.508 euroko aurrekontua izango du.
Udalak jakinarazi duenez eraikina ondare ikuspegitik bereziki babestua dagoela aintzat hartuta, aukeratutako proiektuak Erlojuaren eraikinaren jatorrizko izaera berreskuratzea planteatzen du, antzinako ezaugarri nagusienak berreskuratuz. Hala, eraikinak teilatuan zituen 24 artizarrak berreskuratuko dira, baita eraikinak zituen tximinia eta terraza ere, eta erlojua bera martxan jartzea ere proposatzen dute. Eraikina izendatzeko antzina zegoen tipografia erabiliko dute, eta era berean, MuralArt talde arrasatearrak apainduko du eraikinaren alde batean proposatzen den murala.
Kulturola proiektua (zaharberritze zientifikoa)
Sei hilabete
Enpresak sei hilabete izango ditu behin betiko proiektua garatzeko, eta Udalak adierazi du asmoa dela prozesua kultur taldeekin eta eragileekin elkarlanean egitea. Udalak dio, zentzu horretan, kultur taldeen “parte-hartze aktiboa’’ hasieratik sustatu duela eta gaineratzen du kultur talde eta eragileak direla Kulturola proiektuaren "protagonista nagusiak". Erlojuaren eraikina eta Zerrajerako Aprendices eraikina birgaitzeko eta zaharberritzeko lanen helburua herri zein bailara mailan garrantzia handikoa izango den kultur eremua sortzea dela dio Udalak, alor horretan sinergiak sortzeko.