Xabi Etxeberria izango da Mondrako presidente aurrerantzean, batzar orokorrak hala erabakita

Eneko Azurmendi 2018ko uzt. 5a, 11:06

Mondragon Futbol Klubak presidente berria izango du aurrerantzean: Xabi Etxeberria. Hala jakinarazi du Ramon Azkaratek, orain arteko presidenteak, klubaren batzar orokorrean. Denboraldiaren balantzea ere egin dute eta, oro har, positiboa izan da urtea, bai ekonomikoki, baita kirol arloan. Albiste txar bakarra emakumezkoen futbolak utzi du. Izan ere, Leintz Arizmendi taldeak ez du Euskal Ligan jarraituko.

"Emaitzak ikusita, pentsatzen dut uzteko momenturik onena hau dela. Zuzendaritzan jarraituko dut laguntzen, baina ez dut nahi betiko aurpegiak oraindik hor jarraitzerik, eta bigarren edo hirugarren lerrora pasatzeko momentu ona da. Iruditzen zait aldatu egin behar direla aurpegiak. Jende gaztea dago, oso preparatuta, eta gauzak egiteko gogo eta ilusio handiarekin", azaldu du Azkaratek.

Horrez gain, nabarmendu du "esku onetan" uzten duela presidentetza: "Elkarrekin ibili gara azken bi urteetan eta, pertsona moduan kategoriakoa izateaz gain, azkarra da, eta ondo bideratuko du kluba, ziur naiz".

Etxeberriak, bere aldetik, pozik hartu du kargua, baina era berean, ardura handia dela azpimarratu du. "Poztasun handia ematen dit, baina erronka handia da niretzat, gauza berria delako. Hala ere, espero dut dena ondo irtetea eta klubak gora egitea", adierazi du.

Denboraldiaren balantzea, positiboa

Batzar orokorrean denboraldiaren balantzea ere egin dute. Oro har, positiboa izan da urtea, bai ekonomikoki, baita kirol arloan ere.

Ekonomiari dagokionez, emaitza positiboak izan ditu Mondrak, azken urteetako zor guztiak kitatuta. "Orain arte galera batzuk izan ditugu, eta orain hori murriztuta dago, nolabait. Aurten zenbaki gorririk ez dugu, beltzak baizik. Beraz, pozik gaude", dio Azkaratek.

Kirol arloan, talde guztien errepasoa egin du orain arteko presidenteak. "Lehenengo taldeak oso denboraldi txukuna egin du, momenturo goiko postuetan egonda. Datorren urtean goiko postuetan egotea espero dugu". Etxeberria ere ausartu da helburuak aipatzen. "Arrasate moduko herri batek merezi du hirugarren mailan egotea, beraz, erronkarik handiena horixe izango da, mailaz igotzea". Helburu hori lortzen saiatzeko, Jorge Davila entrenatzaileak klubaren "konfiantza osoa" izango du.

Ohorezko Gazte Mailako taldea "oso ondo" aritu da, goiko postuetan, onenekin batera. Gazte mailako bigarren taldeak ere maila txukuna eman du, eta "goiko taldeak jokalariren bat behar izan duenean, hor egon dira prest, maila emateko".

Gainontzeko talde guztiek ere "helburuak bete dituzte, euren kategorietan ondo lehiatuta. Hala ere, harrobiko taldeetan errendimenduari begiratu beharrean, kiroletik aparte dauden zenbait baliori ematen diegu garrantzia. Eta oso prestatuta dagoen jendea dugu horretarako".

Hori dela eta, orokorrean, "oso pozik" azaldu da presidente moduan azken batzarra izan duen Azkarate.

Leintz Arizmendi

Albiste txar bakarra emakumezkoen futbolak utzi du. Izan ere, Leintz Arizmendi taldeak ez du Euskal Ligan jarraituko. "Aurten bi edo hiru neskak utziko dute futbola. Maila handiko futbolariak ziren eta saiatu gara haien ordezkoak aurkitzen inguruko herrietan, Aretxabaletan, Bergaran edota Oñatin. Zuzendaritzan, Arizmendikoak, UDAkoak eta Mondrakoak, azken momentura arte saiatu gara talde lehiakor bat sortzen, Euskal Ligan jokatzeko, baina ezin izan dugu lortu. Beraz, kirol aldetik maila mantendu arren, jaitsi egin behar izan gara", azaldu du Azkaratek.

Hala, berriro Euskal Ligara igotzea izango da helburua. "Datorren urtean zaila izango da. Baina harrobia badugu, eta bizpahiru urteetan taldea igotzeko moduan izango garela uste dut", azpimarratu du orain arteko presidenteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak