Ekainaren 23an Uarkape pilotalekuan egindako herri bazkaritik hasi, eta martitzenean Izarok plazan eskaini zuen kontzertura, jende ugari ibili da aurtengo San Juan jaiez gozatzen.
Udalak egindako balorazioaren arabera, herritarren erantzuna "bikaina" izan da. "Tradizioa eta emozioa uztartzen dituzten jaiak dira sanjuanak, herritarren parte-hartzerik gabe zentzurik izango ez luketenak. Aurten ere gogoz hartu dituzte arrasatearrek jaiak, eta, eguraldia lagun, herrian antolatutako ekintza eta ekitaldietan izandako parte hartzea nabaria izan da".
Egitaraua zabala izan da, adin eta gustu guztietako herritarrei zuzendutakoa. "Guztien gozamenerako egitaraua antolatu da aurten ere, eta, hori dela eta, Udaletik eskerrak eman nahi dizkiegu herriko talde, elkarte eta eragileei egindako lanagatik, eta jaiegunetan azaldutako inplikazioagatik. Horien guztien zein udal langileen lanari esker gozatu ahal izan baitute Arrasateko haur, gazte eta helduek jaiez. Haien lanak egin ditu posible 2018ko San Juan jaiak".
Bestalde, ekintza ezberdinak udaletxeko balkoitik ikusteko aukera "geroz eta arrakastatsuagoa" dela azpimarratu gura izan du Udalak. "Hirugarren urtez eman zaie aukera hori herritarrei, eta urtetik urtera arrasatear gehiagok izena ematen du sanjuanetako ekintza esanguratsu eta kuttunenak udaletxeko balkoitik ikusteko. Hala, errementari dantzaz, nagusien danborradaz eta haurren danborradaz gozatu ahal izan dute; 30 lagunek ekintza bakoitzeko".
Txosna batzordearen balorazioa ere, positiboa
Bestalde, txosna batzordea ere pozik azaldu da jaiek emandakoarekin. "Antolatu ditugun ekintzetan jende ugari batu da, eta pozgarria da hori. Egin dugun lan handiaren ondoren ingurukoek ongi pasatzen dutela ikustea oso gogobetegarria da".
Horrez gain, edukitako laguntza eskertu gura izan dute. "Eragileetako kideek eta inguruko lagun eta ezagunek asko lagundu digute eta eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, haien laguntzarik gabe ezinezkoak izango liratekeelako jai hauek".
Gaineratu dute "lehenengo balorazio bat besterik" ez dela hau eta "oraindik geratzen zaizkigun lan
guztiekin amaitzean ikusiko dugu ea zein den aurtengo jaien behin-betiko balorazioa". Hala ere, oraingoz, "aho-zapore onarekin" geratu direla nabarmendu dute.