Askorentzat galdu ezinezko ekitaldia izaten da San Juan egunean Arrasate Musikalen bandak Monterronen eskaintzen duen kontzertua. Gaur ere, eguzki gogorrari eta beroari aurre eginaz, jende mordoa erakarri du. Eta musikariek ez dute hutsik egin, Mikel Markiegiren zuzendaritzapean Las bandidas de los bandidos, La canción del olvido eta Conga de fuego nuevo bezalako abestiak joaz.
Baina berezia izan da aurtengoa, orain 25 urte estreinakoz dantzatu zen errementari dantza sortu zuen Jose Ramon Vitoriari omenaldi beroa eskaintzeko aprobetxatu dute-eta musikariek, udal ordezkariek eta entzuleek. Bandakoek eta txistulari, gaitero eta alboka jotzaile taldeetako kideek errementari dantzaren doinuarn moldaketa bat jo dute lehenengo, mailuak ere instrumentu moduan erabiliaz. Eta horren ostean izan da Vitoriaren alaba Ainhoak aurkeztu duen omenaldia. Hunkituta agertu da omendua herrikideen aurrean, eta eskerrak eman dizkie baita ere errementari dantza gaur egun dena izateko bidelagun izan dituenei. Maria Ubarretxena alkateak, gainera, Zilarrezko Domina jarri dio Udalaren izenean.
Bero handia
Egun eguzkitsua eta beroa izan da gaurkoa, eta horrek eragin du sustorik Monterronen. Hala, osasun zerbitzuetakoek ikusleetako bat artatu behar izan dute, eta anbulantzian eraman.