Aurreko urteko geldialdiaren ostean, ibilbideari berrekin dio San Juan jaiak hasi aurreko kantu afariak –egubakoitzean egin ohi dute–. Eta harrera aparta izan zuen ekimenak. Aurreikusiak zeudenak baino mahai gehiago jarri behar izan zituzten antolatzaileek, bertaraturikoek afaltzeko tokia izan zezaten –nork berea eroaten du hitzordura–.
Hain zuzen ere, ohi moduan, Sei Pistols eta Trabuko taldeak zuen afaria girotzearen ardura."Gustura" dira atzoko gauak emandakoarekin. "Giro ederra sortu zen. Sekula baino jende gehiagok egin zuen bat ekimenarekin; eta, gogoz, gainera. Kantuan jardun zuten gehienek", aitortu du Urki Larreak, taldeko txistulariak.
Izan ere, euskal kantu herrikoiak eskaintzen ditu Sei Pistols eta Trabukoko zazpikoteak. Oro har, guztiendako ezagunak. "Betikoez aparte, euskal kantu berriren bat ere badugu abesti sortan", argitu du. Gauzak horrela, eurekin abestera animatu zenik ere izan zen.