Aurtengo sanjuanetan ere ez du hutsik egingo Eguzkilaruk – ekainaren 25ean egingo dute haur eta gaztetxoen festa–. Eta hainbat berrikuntzarekin dator, gainera. Besteak beste, haurrei begirako ekintzetara mugatu barik, antolatzaileek akorduan dituzte nerabeak. Haiendako zenbait ekintza antolatu dituzte Txatxilipurdikoek: tirolina erraldoia, Geuk ein, geuk jan bazkaria... "Arrasateko jaietan mugatua da 9 eta 16 urte bitartekoendako eskaintza. Erronka horri heldu diogu", diote bultzatzaileek.
Horrez aparte, izango da bestelako berrikuntzarik ere: Monterron parkean egingo dituzte zenbait ekintza. "Naturarekin dugun harremana indartu egin nahi dugu. Horretarako, jolaserako gune bilakatu nahi ditugu herrian dauden naturguneak", argitu dute Txatxilipurdikoek.
Eta, bestetik, eguneko tailerretan ere nabariko da aldaketarik. Esaterako, herriko aniztasuna kontuan izanda, hainbat ekintza antolatu dituzte Aspacerekin eta Ekinekin elkarlanean: Saharako jolasak, ipuin kontalaria, gurpil aulkiaren magia...
Eguzkilaru berria
Era berean, Eguzkilarurengana ere helduko da aldaketa, nerabe baten esku dago-eta hari bizia ematea –Aimar Conde–. Eta Gorka Davilaren eta David Vargasen laguntza izango du, gainera. "Gogotsu gaude. Txatxilipurdi abestiaren bideokliparen grabazioan ere parte hartutakoak gara, Eguzkilaru eta bere laguntzaileak izatea zer den dastatuz. Asko gustatu zitzaigun esperientzia. Errepikatzea erabaki dugu, beraz. Egun polita egingo dugu denon artean!", aitortu du hirukoteak.
Hori bai, betikoan dirau helburu nagusiak: San Juan jaietan umeei jai euskaldun eta erakargarria eskaintzea. "Jolasa eta euskara erdigunean, Txatxilipurdik dituen oinarriekin dihardu Eguzkilaruk. Tartean, ama lurrarekiko errespetu handiz eta aniztasunaren aldeko lanean –elkarbizitza oinarri, betiere–", azaldu dute Txatxilipurdikoek.
Egitarau oparoa
Hainbat ekintza antolatu dituzte ekainaren 25erako. Bada, haur eta gaztetxoek bi jolasgune izango dituzte eguna hasteko, Biterin eta Monterronen. Eta, era berean, Geuk ein, geuk jan bazkaria prestatzen jardungo dute nerabeek –eurentzat sorpresa izango da ostean–. Ostera, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunak emango dio bukaera egunari –19:00etan hasiko da–.