Kaleko hormak epaile, Street Boulder lehiaketan

Eneko Azurmendi 2018ko eka. 20a, 11:13

Eskaladazaleek aukera bikaina izango dute kirol horretaz gozatzeko San Juan jaietan; izan ere, azken urteetako ohiturari jarraituz, Street Boulder txapelketa egingo dute herriko kaleetan zehar; ekainaren 24an izango da, 17:00etan hasita.

Ekainaren 24an, San Juan egunean, Street Boulder txapelketa egingo dute herriko kaleetan zehar, azken urteetako ohiturari eutsiz. Hala, herriko zein bailarako haurrek Arrasateko hormetan eskalatzeko aukera izango dute. Kepa Bruñak, antolakuntzako kideak, azaldu duenez, edozeinek hartu dezake parte: "Normalean, maila handia duten eskalatzaileek erraz egiten dituzte hemen prestatzen ditugun blokeak. Agian, gehiago izaten da eskalatzen hasiberriak diren horiendako, oso maila handirik ez dutenendako. Azken finean, ikasteko ere balio izaten die".

Izen-ematea ordu erdi lehenago irekiko dute, txosnetan. "Izena ematen duen eskalatzaile kopuruaren arabera, talde ezberdinak egingo ditugu. Adin guztietako eskalatzaileak izaten ditugu, baina, gehienbat, gaztetxoak", adierazi du Bruñak.

Ohi bezala, herriko kaleetan hainbat gune prestatuko dituzte. "Alde zaharretik asko urrundu gabe, bost edo sei bloke ezberdin jartzen ditugu. Partehartzaile kopuruaren arabera, batzuk ez ditugu egiten edo berriak asmatzen ditugu, daukagun denboraren arabera". Horrez gain, gaztetxoenei begira, bloke errazagoak prestatzen dituzte. Hala ere, "jendeak gusturago ikusten ditu bloke altuagoak", Bruñaren esanetan.

Helburua da "kirol hori herrian ezagutaraztea eta, nola ez, eskaladaz gozatu eta ondo pasatzea".

Puntuazioa

Txapelketan eskalatzaileek egin beharreko lanari erreparatuta, paretan ibilbide moduko bat markatzen dute antolatzaileek, eta ibilbide hori egin beharko dute parte-hartzaileek. Puntuazioa ere horren baitakoa izaten da. "Ibilbidea lehenengo saiakeran egiten duenak puntuazio hobea izango du hirugarrenean egiten duenak baino".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak