"Inork ezin du uka konponbiderako eta elkarbizitzarako unea dela. Horretarako ezinbestekoa da iraganetik datozen oinaze eta min guztiak sendatzea. Bide honetan, biktima guztiek merezi dute egia, memoria eta erreparazioa. Herritar gisa, geure egin nahi dugu ardura hau. Baina bada oraindik sufrimendua sortzen jarraitzen duen auzi bat baino gehiago. Gaur hemen bildu gaituenak arduratzen gaitu bereziki: ETAk bere jarduera erabat utzi duen arren 280 euskal preso politikok euren senideengandik ehunka eta ehunka kilometrotara sakabanatuak eta isolatuak jarraitzen dute; oraindik ere Espainiako zein Europako legedien aurka doazen salbuespen neurri zorrotzen pean" azaldu zuten presoen eskubideen alde martitzeneko enkarteladan bildu zirenek.
Adiskidetza prozesua "konplexua" eta "urratsez urrats egin beharrekoa" zela aipatu zuten, eta hori lortzeko espetxe politika "ankerra eta mendekuzalea" aldatzea beharrezkotzat jo zuten.
Hauek lirateke presoen auziari konponbidea emateko ezarri dituzten lau lehentasunak:
- Urruntze politikarekin amaitzea, presoak Euskal Herrira hurbilduz.
- Europako legediaren aplikazioz, bi Estatuetako –Frantzia eta Espainia– zigorrak batzea.
- Lehen graduko kalifikazioa kentzea –euskal presoen %100ari–.
- Larriki gaixo dauden presoak duintasunez artatzea.