EH Bilduk ez du nahi udaltzainek suzko armak erabiltzerik

Otsailean suzko armak erabiltzeko eskaera ofiziala egin zuen udaltzainburuak segurtasun eza argudiatuz. Baina EH Bilduren ustez konponbidea udaltzain eredu propio bat da; giza baliabide gehiagorekin –batez ere, gaueko txandarako–, kontratazio eredu propioarekin, auzo-udaltzain figurarekin, formazio programekin eta Udalean segurtasun eta babes zibilerako batzorde berri batekin.

Urtarrilean biolentziadun hainbat gertakari izan ziren Arrasaten –labankadak, estolden erasoak edo lapurreta saiakerak– eta handik gutxira suzko armak erabiltzeko eskaera ofiziala egin zuen Iñaki Ugarteburu Arrasateko udaltzainburuak.

Armen erabilera baimentzea alkate erabaki bat da, eta eskaera ofiziala jaso ostean Maria Ubarretxenak sei hilabeteko epea ezarri zuen erabakia hartzeko. Tarte horretan herriko kriminaltasunari buruzko txosten bat enkargatu zion Udaltzaingoari; alderdi guztiekin elkarbanatzeko, eta datu berdinen gainean gaiari buruz posizionatzeko. Horrez gain, aurreratu zuen, alderdien arteko kontsentsurik gabe, ez zuela suzko armen erabilera baimenduko.

Laster agortuko da sei hilabeteko epe hori, baina epea agortu baino lehen, gaiari buruzko hausnarketa plazaratu du EH Bilduk. Udaltzainekin, Udaleko enpresa batzordearekin eta LAB sindikatuarekin gaia landu ostean, argi daukate konponbidea ez dela suzko armen erabilera, udaltzain eredu propio bat baizik.

Kriminaltasunari buruzko txostena ez dago oraindik bukatuta, baina oposizioko alderdi nagusitik honako hausnarketa egin dute pistolen erabilerari buruz: "Pistola jarri eta biharamunean zer? Horrekin zer konpontzen dugu? Are gehiago, gure udaltzaingo ereduaren aurka doa pistola".

Giza baliabide gehiago

Gaur egun 32 udaltzain ari dira Arrasaten lanean, eta EH Bilduk langile kopurua handitzearen alde egiten du segurtasuna hobetzeko. "40 udaltzainen bueltan izatea gustatuko litzaiguke". Kopurua handitzearen arrazoietako bat, auzo-udaltzain figura sortzea izango litzateke. Gaur egun Iruñean edo Bartzelonan erabiltzen den figura da. "Formazio bidez espezializatuko ditugu eta erreferente izango dira auzoetako eragileentzat, merkatarientzat edo biztanleentzat; segurtasunarekin edo Udalarekin lotutako edozein konturen hartzaile edo bideratzaile izateko".

Batzorde eta kontseilu berri bana

Segurtasuna eta babes zibila kontu politiko bezala jorratzea planteatzen dute, horretarako bi fororekin.

  • Segurtasun eta babes zibilerako batzordea: Udaleko alderdi politikoek, udaltzainburuak eta udaltzain talde bakoitzeko lehen udaltzainak osatuko lukete. Besteak beste, udaltzaingoaren egitura definitzea, eta bizikidetza nahas dezaketen egoeren jarraipena egitea (xenofobia, indarkeria matxista, drogak edo delinkuentzia) izango lirateke organo honen funtzio nagusiak.
  • Segurtasunaren tokiko kontseilua: Batzorde berri horri azterketa eta aholkularitza zerbitzua ematea litzateke honen zeregin nagusia, eta irudiko partaideez egongo litzateke osatuta.

 

Formazioa eta kontratazioa

Bi alor horiek ere aipatzen dira EH Bilduren udaltzain ereduan. Lehenari dagokionez, formazioa sakonduko lukete honako arloetan: trafikoan, atestatuak egiterako orduan eta indarkeria matxistan.

Kontratazioari dagokionez, indarrean dagoen Arkaute bidezko aukeraketa prozesua baztertzen dute, udal kontratazio eredu baten alde egiteko. "Gaur egungo sistemarekin Arrasate ezagutzen ez duten udaltzainak heltzen dira Arrasatera. Herriko kaleak eta auzoak ondo ezagutzea garrantzitsua dela uste dugu".

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.