Herri bazkari eta afariak jendearen gustukoak dira

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko eka. 19a, 13:08

Dragoi-txuletak parrillan erretzen
'Zeuk iñ zeuk jan' bazkaria eta San Juan eguneko afaria, dragoi-jana, dira sanjuanetako hitzordu garrantzitsuenetako bi. Garaiz ibili behar izaten da erreserbak egiteko eta txartelak erosteko. Herritar asko batzen dira bi jatordu horietan.

Ekainaren 25ean izango da Zeuk iñ zeuk jan, astelehenean. Bazkaria norberak preparatu eta norberak jateko egitasmoa. Jaietako egitarauan pisua hartu duen hitzordua. Arrasatearrek kontuan hartzen dute. Joan den urtean, esate baterako, erreserbak egiteko epea zabaldu eta ordu gutxira, herritar ugarik egina zuen erreserba. Bazkaltzeko, 1.100 lagun elkartu ziren azokan.
 
Aurten ere azokan egingo da Zeuk iñ zeuk jan bazkaria. Eta hango edukiera gainditzen bada, Mondragones kalean egokituko dute tokia, espazioa handiagoa izan dadin, denak sartzeko modukoa. Ordutegian ere ez da aldaketarik egongo: 12:30etik aurrera joan ahal izango da bazkaria prestatzera eta 18:30erako trasteak jasota eta azoka garbi egongo beharko da.
 
Txuletak
 
AEDk eta AEKk elkarrekin antolatzen duten dragoi-jana da sanjuanetako beste hitzordu garrantzitsu bat. Horrek ere toki eta egun finkoa ditu: ekainaren 24an, 21:00etan, Herriko Plazan –eguraldia txarra bada, azokan–.
 
Aurreko urteetan bezala, parrila berotu eta soseguz erreko dituzte dragoi-txuletak. Pio Azkarate, Unai Bergaretxe eta Oskar Elizburu dira azken urteetan parrilaz arduratu direnak eta aurten ere hantxe egongo dira. "Normalean, hirurok ibiltzen gara, baina lau lagun ere egon izan gara inoiz. Iluntzean, 20:00etan, pizten dugu ikatza eta ordubetera hasten gara txuletak erretzen. 400 txuleta inguru erretzen ditugu eta saiatzen gara denak puntuan egoten, gatza eta berakatza botata. Geuk ere hartzen dugu tartea jateko, noski. Erre ahalaz, zatitu egiten ditugu batzuk, tarteka geuk jateko. Ke eta okela usain galantarekin joaten gara etxera, baina gustura eta pozik. Urtean behin bakarrik egoten da aukera dragoi- okela jateko!", dio Elizburuk.
 
Aurten, gainera, erronka berezia izango dute prestatzaileek: betiko menuaz gainera, hanburgesa begetalak ere egongo dira. "Gero eta jende gehiago da okelarik jaten ez duena eta ez dugu nahi janaria izatea arrazoia jendea afaltzera ez etortzeko. Aurten, hanburgesa begetalak egongo dira, eta hori afaldu gura duenak aurrez esan behar du AEDn", azaldu du Itxaro Artolak.
 
Dragoi menua, trikiti soinuak, euskal kantuak, tribial umoretsua... San Juan eguneko afaria bete-betea izango da, beste behin. Txartelak salgai daude, AEDn eta Irati, Jai Zale eta Monte tabernetan, ohiko prezioan: 10 euro txartel arrunta eta 8 euro AEK-ko ikasleek eta AEDko bazkideek. "400 txartel atera
ditugu, eta denak saltzen dira. Joan den urtean 40 baino ez ziren gelditu egunean bertan saltzeko, beste guztiak aurretik saldu ziren, eta bat baino gehiago dragoia afaltzeko gogoz gelditu zen. Etorri gura duenak
txartela aurrez har dezala, badaezpada", dio Artolak.
 
Epea zabalik eta txartelak salgai
 
Jendetsuak izaten dira Zeuk iñ zeuk jan eta dragoi-jana. Bazkarirako aurretik egin behar izaten da erreserba, eta, horretarako, Arrasateko Udaleko atarian sartu behar da. Helbidea www.arrasate.eus
da, eta bertan sartu eta ekainaren 25erako tokia hartu behar da, bazkaria prestatzeko. Joan den urtean,
adibidez, epea zabaldu eta gutxira herritar ugarik egina zuen tokiaren erreserba.
 
Dragoi-janerako ere beste horrenbeste gertatzen da. Sarrera gehienak aurrez saltzen dira eta dragoiaren okela jan gura duenari garai ibiltzea komeni zaio, egunean bertan txartel gutxi egoten dira-eta batzuetan. AEDko bulegoan erosi behar dira txartelak; prezioa 10 euro da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak