Arrasateko jaiak ilustratzeko irudia aukeratzeko antolatzen du lehiaketa Udaleko Kultura Sailak, eta hamalau diseinuren artean Leire Arregirena izan da irabazlea. Herriko ikur diren dragoia eta udaletxea erabili ditu, eta sari gisa 750 euroko diru-saria jaso du. Arte Ederretan lizentziaduna da eta sorkuntza eta ilustrazioa dira haren espezialitateak. Ez da lehenengo aldia kartelak eta ilustrazioak egiten dituena, baina bai bere lanak lehiaketa batera aurkezten dituena. Horregatik, ustekabean eta poz-pozik hartu zuen irabazle atera zela esan ziotenekoa. Aire libreko pintura lehiaketetan-eta aritua da, ordea.
Dragoia, Errementari dantza eta sua
Arregirendako "ohore handia" da bere lana herriko etxeetan eta kalean euskarri ezberdinetan ikustea. "Langabezian nago eta lehiaketaren berri izan nuenean parte hartzea erabaki nuen" dio. 750 euroko saria, lanerako materiala erosteko erabiliko du. Kartelaren ezaugarriei buruz galdetuta, dio lehenengo marrazkia eskuz egin eta, ostean, ordenagailuarekin koloreztatu zuela. Eta hasieran, beste ideia bat zeukala. "Arrasateren ikono nagusi den dragoia erabili nahi nuen; hori hasieratik neukan garbi. Gero, udaletxea, errementari dantza eta San Juan suak dira marrazkian ageri diren beste elementuak". Aurten 25 urte betetzen dira Errementari dantza egiten hasi zirela eta, horren berririk ez bazuen ere, bere alde jokatu duela aitortzen du Arregik. Bi lan aurkeztu zituen lehiaketara.