Abiadura murritzarazi dute Arrasateko hiru radarrek

Mireia Bikuña 2018ko eka. 12a, 10:44

Garibai etorbideko radarrarekin egindako bi neurketatan datuak esanguratsuak dira. Abenduan eta urtarrilean egindako neurketan 190 isun ipini ziren eta martxotik maiatzera artekoan, isun bakarra. Uribarri eta Araba etorbideko isunen txostenak osatu gabe ditu Arrasateko Udalak.

Herri barruko hainbat gunetan abiadura eta harrapaketak murrizteko helburuarekin ipini ziren hiru radarrak azaroan. Garibai eta Araba etorbideetan eta Uribarrin dauden radarretan bina neurketa egin dituzte, isun kopuruaren eboluzioa ikusteko. Eta bilakaerak argi erakusten du herritarrak abiadura murriztu beharraz jabetu direla. "Iaz 89 istripu egon ziren herrigunean eta horietatik bederatzi harrapaketak izan ziren. Bereziki seguratasunarengatik hartutako neurria da.  Eta datuek erakusten dute herritarrak kontzienteago gidatzen dutela", esan du Maria Ubarretxena alkateak.

Garibai etorbideko radarrak 190 isun ipini zituen abenduaren 14tik urtarrilaren 11ko epean. Aldiz, martxoaren 26tik maiatzaren 17ra arteko bigarren neurketan, isun bakarra ipini zen.

Uribarrin, urtarrilean eta otsailean egin zen lehen neurketa eta 130 salaketa ipini ziren. Bigarren epealdia bukatu barik dago –ekain bukaeran amaituko da– baina, oraingoz, 47 isun ipini dira. 

Azkenik, Araba etorbideko neurketa, apirilean egin zen, eta oraindik ez dute daturik eman.

Batutako dirua DYArentzat eta Gurutze Gorriarentzat

Arrasateko radarrekin ipinitako isunak 100 eta 600 euro artekoak izan dira. Eta, hortik jasotako dirua, Gurutze Gorriaren eta DYAren artean banatuko dute, urte bukaeran. "Hasieratik esan genuen isunetatik jasotako dirua ez zela Udalarendako izango. Oraingo honetan, Gurutze Gorriak eta DYAk jasoko dute dirua", esan du alkateak.

Hori horrela, esker oneko hitzak izan dituzte bi erakunde horietako ordezkariek. Alegia, Gurutze Gorriko Elena Ibarrondok eta DYAko Jon Cenzallosek. Diru horrekin zer egingo duten ere badakite. Gurutze Gorriak garraio bereziarendako, errefuxiatuen kanpainarako, umeendako jostailu bilketarako eta irailean martxan ipiniko dute proiektuetara bideratu du dirua.

Aldiz, DYAk, ikastetxeekin jarraituko du lanean. Bihotz-biriken suspertzeari buruzko ikastaroak ematen dihardute eskolatan, eta, Gipuzkoan dagoeneko, 2.500 ikaslen ikasi dute nola egin berpizketa hori. 

Bi erakundeen zenbat diru jasoko duten urte bukaeran jakingo da. 2018ko likidazioa egiten denean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak