Urarekin lotutako proposamenez bete dute udalbatza herriko gazteek

Xabi Gorostidi 2018ko eka. 6a, 15:17

Agenda 21 programan landutako hamar proposamen helarazi dizkiete udal ordezkariei, eta datorren urteko gaia nekazaritzaren kultura izango da. Osoko bilkurako gaiei dagokionez, garbiketa zerbitzua berriz esleitzeko pleguak onartuta geratu dira, eta indarkeria matxistaren aurkako sei neurri hartzea ere onartu dute, Baleikek mozio bidez planteatuta.

Bilkura berezia izan da ekainekoa, batez ere, herriko gazteek hartu duten protagonismoagatik. Arrasate Herri Eskolako, Arizmendiko eta Arrasate BHIko 6 eta 18 urte bitarteko gela ordezkariek, mikrofonoa hartu dute zinegotziei Agenda 21 programaren baitan landutakoak helarazteko.

Aurtengo gaia ura izan da, eta besteak beste aipatu dute Arrasaten 4.000.000 ur litro kontsumitzen direla egunero. Herriko iturriak, iturburuak eta errekak aztertu ostean, hamar proposamen adostu dituzte ura hobeto erabiltzeko. Horien artean zeuden, besteak beste, honako hauek:

  • Auzolanak egitea herriko errekak garbitzeko
  • Erreketako espezie inbaditzaileak gutxitzea
  • Monterronen dauden urmaelekin zerbait egitea
  • Estoldak garbiago edukitzea
  • Iturrien alboko inguruak garbi mantentzea
  • Iturrietako ur dosiak eraginkorrak izatea, ura alperrik ez galtzeko
  • Monterronen iturri bat jartzea
  • Meatzerrekako Beneras iturburua altxor bezala kontsideratzea

Osoko bilkurako gaiak

Ezohiko gertaerak izan dira gaurko osoko bilkuran: zinegotziak Federico Garcia Lorcaren poemak irakurtzen edo Evaristoren letrak kantatzen ikustea, idazkari berriaren ordez pertsonal saileko buruak idazkari lanak egitea, edo oposizioko alderdi batek planteatu duen mozioa aho batez onartua izatea, besteak beste.

Argazkia: Ana Belen Hidalgo idazkari berria ez da osoko bilkuran izan eta Itziar Azurza Pertsonal Saileko buruak bete du bere lekua.

Eztabaida sortu duen lehen gaia kaleen garbiketako zerbitzua berriz esleitzeko pleguen onarpena izan da. Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak –OZMA– batzordeko buru den Oscar Garciak esan du plegu horietan oposizioko alderdiek egindako hainbat ekarpen zeudela barne, eta eskerrak eman dizkie oposizioko taldeei izandako jarrera aktiboagatik. Plegu horiekin zerbitzuaren kalitatea hobetu egingo dela adierazi du Garciak. "Makinaria modernoagoa eta eraginkorragoa izango dugu eta lanpostu gehiago izango dira, betiere, zerbitzua hobetzeko helburua lortzeko".

Irabaziko Juan Luis Merinok baieztatu du euren alegazio guztiak onartuak izan direla, bat izan ezik. "Pleguetako exekuzio epea lau urterako da, beste urte bat gehiago luzatzeko aukerarekin. Legealdi honi urtebete geratzen zaiola ikusita, legealdi hau eta hurrengoa baldintzatuko ditu esleipen berriak. Gure planteamendua bi urtekoa izatea da, ondoren beste hiru urte –banan-banan– luzatzeko aukerarekin". Ostean Garciak erantzun dio, gomendio tekniko bati jarraiki egin dutela 4+1 urteko formularen alde. "Lau urtera makinaria modernoa erosi eta amortizatu daiteke; bi urtera, aldiz enpresek ez dute makinari hain sofistikaturik erosiko".

EH Bilduko Piter Encinasek bi ahulgune ikusi dizkio pleguari: ez duela parekidetasuna kontuan hartzen, eta ez duela kale garbitzaileen euskara maila kontuan hartzen. Lehen ahulgunea arintzeko, jubilatzen edo aurre jubilatzen diren langileen ordez emakumeak sartzea proposatu du EH Bilduk, baina ez da plegutan onartua izan. Bigarrenarekin lotuta esan du, herri-zerbitzuak euskaraz bermatzea eskatzen duela 18-1997 lege dekretuko 15. artikuluak, eta plegu berriak ez duela hori bermatzen. "Txantxangorri asko eta konpromiso gutxi" adierazi du ostean.

Oscar Garciak erantzun dio, esanez, plegu berriak euskara plan bat aurreikusten duela gaur egun euskaraz ez dakiten kale garbitzaileentzat, eta euskara jakintza minimo bat eskatzen dela kontratazio berrientzat.

Botazio hau ere berezia izan da. Pleguen aurkako dekretu bezala landu dute gaia, beraz, pleguen onartzearen aurka zeudenek aldeko botoa eman behar zuten, eta pleguak onartu nahi zutenek, aldiz, kontrakoa. Bi botazio egin ostean, plegu berriak onartuta geratu dira, udal gobernuaren aldeko botoekin, nahiz eta oposizio guztiak aurka botatu duen.

Beste puntu batean Euskara saileko administrari baten lanaldia %50etik %100era pasatzea adostu dute aho batez. Ez da interbentziorik egon puntu honekin lotuta, baina osoko bilkura amaituta Maria Ubarretxenak erreferentzia egin dio gaiari GOIENAko mikrofonoan. "2010 urteko lanpostuen zerrendan lanpostu hori %100koa zen, baina ez dakigu zergatik, 2011an %50ekoa izatera pasa zen. Guk ulertzen dugu Euskara Sailak bai behar zuela pertsona horren ekarpena, eta guretzat euskara oso garrantzitsua denez, %50tik %100eko lanaldira aldatu dugu lanpostu hori".

Mozioak eta adierazpen instituzionalak

Lehenik eta behin Palestinarekin lotutako adierazpen instituzionala onartu dute. Alderdi guztiak ados jarri dira Nakba-ren 70. urteurrena, AEBek Jerusalemera enbaxada aldatzea edo azken protestetan izandako 59 heriotzak salatzeko. [Mozioa bere osotasunean irakurtzeko egin klik hemen].

Ostean Baleikek planteatutako mozioa aho batez onartu dute, indarkeria matxistaren aurka konpromisoak eskatzen zituena, hain zuzen. Baleikeko igor Urizarrek esan du, azaroak 25arekin, martxoaren 8arekin edo La Manada kasuarekin lotutako adierazpenak adostea ondo dagoela, baina hitzetatik ekintzetara pasatzeko helburuz jarri dutela mozio hau mahai gainean. EAJko Anuska Ezkurrak azaldu du, bertan dauden hainbat ekintza martxan dituela udal gobernuak, eta berriak lantzeko esparrua berdintasun batzordea dela. Hala ere, aldeko botoa emango dutela aurreratu du.

Hala, ondorengo sei konpromisoak hartuko ditu Arrasateko indarkeria matxistaren aurka egiteko:

  •  Arrasateko Udalak, estatu eta Euskadiko gobernuei genero ikuspuntuaren inguruko formakuntza hainbat arlo publikoetan ezartzeko (epaile, polizia, hezkuntza...) baliabideak jartzea eskatzen die. Honetaz gain, Arrasateko Udalak genero ikuspuntua udal politikan zehar lerroko eran inplantatzeko, pertsonal politiko eta teknikoarentzat genero ikuspuntuaren gaineko formakuntza jasotzeko beharrezko baliabideak aurreikusiko ditu 2019ko aurrekontuetan, sail bakoitzean partida ekonomikoak hortarako ezarriz.
  • Arrasateko Udalak, estatuko gobernu eta kongresuko alderdiei Indarkeria Matxistaren Aurkako Estatu Paktuak behar dituen baliabide ekonomiko guztiez hornitzeko exijitzen die, hitz emandako urteroko 200 milioi euro guztiak gutxienez, azken Aurrekontu Orokorretan kanpoan gelditu diren Barne eta Justizia ministerioetako partidak ere berreskuratuz.
  • Arrasateko Udalak indarkeria matxisten aurkako kartel bat jarriko du Kulturaten, mugimendu feministak erabakitako esaldi batekin. Udal eraikuntza guztietako sarreretan indarkeria matxisten aurkako ikur bat ezarriko da.
  • Arrasateko Udalak, indarkeria matxisten aurkako protokoloa berritzeaz gain, udalerriko festa egun guztietan indarkeria matxisten aurkako kanpainak artikulatzeko konpromisoa hartzen du, beharrezko baliabide ekonomikoak jarriz eta mugimendu feministarekin elkarlanean lema, sinbolo edo komunikazio estrategiak garatuz.
  • Arrasateko Udalak, Emakumeen Txokoaren eskutik eta herriko emakume eta mugimendu feministarekin elkarlanean, Arrasateko memoria feminista garatzeko prozesua abiatuko du, gure herriaren genealogia feminista berreskuratzeko eta emakume feminista aitzindarien borroka omentzeko helburuarekin.
  • Arrasateko Udalak berdintasunezko kale-izendegi baten alde egingo du lan, ikusgaitasun parekidea eta borroka feministaren aitorpena lehenetsiz berdintasun egoerara iritsi arte.

Azken mozioa ere onartua izan da, Irabazik adierazpen askatasunarekin lotuta planteatu duena, hain zuzen. Artea eta demokrazia defendatzeko beharra azpimarratzen zen bertan, batez ere, azkenaldian ikusitako hainbat gertakariren harira: rap musikariak kartzelara bidaltzea, Evaristo bere letrengatik atzematea, txio bat botatzearren kartzela zigorrak ezartzea, edo koroa edo erlijioa iraintzegatik hartutako neurriak. [Mozioa bere osotasunean irakurtzeko egin klik hemen].

EH Bilduko Eneko Barberenak hitza hartu du puntu honetan. Lehenik eta behin, Garcia Lorcaren poema bat irakurri du, honen jaiotzaren 120. urteurrena eta haren erailketaren arrazoiak gogora ekartzeko. "Garai hauetan bere poemengatik preso egon zitekeen" adierazi du. Ostean, La Polla Records taldearen Ellos Dicen Mierda abestiaren pasarte bat abestu du, eta gaur atxilotu dituzten Altsasuko gazteentzako hitzak ere izan ditu. Aipatzea,EH Bilduko zinegotziek Altsasuko gazteen aldeko pankarta bat jarri dutela euren eserlekuen aurrean.

18 aldeko botorekin onartu dute mozioa, alderdi sozialistako hiru kideek abstentziora jo ostean.

[Galde eta eskeen tartean etxez-etxeko langileek hartu dute hitza, eta hainbat erreakzio egon dira, baina informazio hori aurrerago landuko dugu].

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak