Drogen kontsumoaren prebentzioa erdigunean, hitzarmena sinatu dute Arrasateko Udalak eta San Juan de Dios ospitaleko arduradunek. Hain zuzen ere, @rrasate proiektua 13 eta 16 urte bitarteko ikasleak ditu jo puntuan. Eta datorren ikasturtean ekingo diote horri –irailean hasiko dute prebentzio programa–. Asteon sinatu dute 4 urterako hitzarmena Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak eta Angel Agiriano San Juan de Dioseko zuzendariak.
Euren aldetik, bultzatzaileek argi dute helburua. "Asmoa ez da ikasleei zer egin behar duten esatea, drogen eta, oro har, horien eraginen inguruko informazioa eskaintzea baizik. Erabakiak har dezaten ahalduntzea", aitortu du Agirianok. Eta ospitalean daudenen laguntza izango dute horretarako. Tartean, zenbait saio San Juan de Dios ospitalean gauzatuko dituzte Arizmendi ikastolako eta Arrasateko Institutuko DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek.
Besteak beste, bizitakoa ezagutaraziko dute San Juan de Diosko pazienteek. "Finean, eraginkorragoa izan daiteke lehen pertsonako kontakizuna. Drogen menpe egon direnek bizi izan dutena azalaraztea. Ikasleek aintzat hartuko dituzte, seguru", azaldu du Ubarretxenak.
Gainera, osasun zentroko adituen esanetan, San Juan de Dioseko pazienteei ere lagungarri izan dakieke esperientzia. "Eurei ere mesede egingo die programak. Ikasleei ez ezik, euren buruari ere azaltzen baitiote bizitakoa", dio Emilio Martin Tejedor psikologoak.
Eta gaur-gaurkoz herrian martxan dauden droga-menpekotasunaren prebentzio egitasmoen osagarri izan gura du proiektuak. "Aurretik egina dugun lana osatzeko balioko du programa berriak. Aberasgarria izango da, beraz", argitu du Maite Aizpiri prebentzio teknikariak.
Egoera erreala ezagutuz
Modu berean, Arrasateko gazteen kontsumoaren inguruko informazioa eskuratzeko bide izango da egitasmoa. Hain zuzen ere, ikasleek drogen kontsumoari lotuta urtero bete beharko duten galdeketa izango da horretarako bitarteko.